Julio Soto, 2019ko Nafarroako txapelduna

Bosgarren txapela eskuratu du Gorritikoak, Eneko Lazkozekin buruz burukoa jokatu eta gero. Bertsolaritzaren alde lan eskerga egin duen Joxema Leitzak jantzi dio txapela irabazleari.

1.350 lagun elkartu ziren larunbatean Iruñeko Anaitasunan, 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken hitzordua bertatik bertara jarraitzeko.

15:30ean zabaldu zituzten aretoko ateak, eta eserlekuen urdin-laranjak ezkutatu ahala, 17:00etan oholtzaratu ziren bertsolariak: Joanes Illarregi, Xabier Terreros, Xabi Maia, Julen Zelaieta, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Eneko Fernandez, hurrenez hurren. Fernando Ambustegik egin zituen aurkezle lanak eta Alaitz Rekondo gaiak ematen aritu zen.

Lehen ariketa sorta eginda, buruz burukora pasa ziren Lazkoz eta Soto. Zortziko txikian eta sei puntuko motzean arituta, kartzelako lanarekin amaitu zuten saio puntuagarria. Epaile lanetan Amaia Telletxea, Arkaitz Goikoetxea, Jon Abril, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu ziren.

1.172 puntu lortuta, 2019ko Nafarroako bertsolari txapelduna Soto izan da, bosgarrenez. Nafarroako Bertsozale Elkartean eragile eta irakasle gisa inurri lanean ekarpen handia egindako Joxema Leitzak jantzi zion txapela irabazleari.

Zabaldu: