Desnudo en la alfombra', 1986. Juncal Ballestin (argazkia: Artium)

Juncal Ballestinen ondare artistikoaren gaineko zikloa antolatu dute Gasteizko Artium Museoan

Juan Carlos Roman artistak irekiko du ostiral honetan Ballestínen ondare artistikoari buruzko aztertuko duen hitzaldi-programa. Larunbatean Lizzie Borden zuzendariaren Born in Flames filma proiektatuko da.

Gasteizko Artium Museoak asteburu honetan emango die hasiera 2021eko programa publikoei Juncal Ballestin artistaren lanaren inguruko topaketen lehen saioarekin. Egitasmoari amaiera emateko, berriz, urtarrilaren 29an erakusketa bat irekiko da, Zinema feministaren historiak zikloaren azken aurreko saioarekin.

Juan Carlos Roman artistak Ballestinen inguruan eskainiko duen hitzaldia Gasteizko Museoak Bizitza ariketa gisa proiektua testuinguruan kokatzeko darabilen elkarrizketa-zikloaren zati bat da. Erakusketa horrek, urtarrilaren amaieran, ikerketa eta zaharberritze lan handi baten ondoren, 2015ean hildako artistaren ondarea ezagutzeko aukera emango du. Ballestinen lanetik hurbil dagoen artista eta Vigoko Unibertsitateko Eskultura irakasle titularra da Roman, eta “artistaren poetikan agertzen diren tentsioak, ausentziak eta susmoak” aztertuko ditu gaur, 18:30etik aurrera, objektuen azterketatik abiatuta.

Ballestinen inguruko topaketa sortak, gainera, Arabako Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak bere lana kontserbatzeko eta berreskuratzeko egindako lanari buruzko sarrera saio bat izango du, hilaren 15ean, ostirala, eta artistaren irudiari buruzko mahai-inguru bat, 22an, ostirala; eta Bizitza ariketa gisa proiektuaren komisario Fernando Illanaren hitzaldia hilaren 29an, ostirala. Egun horretan bertan irekiko da erakusketa jendearentzat. Topaketa guztietarako sarrera doakoa da eta izena emateko 945 20 90 20 telefonora deitu behar da.

Bestalde, urtarrilaren 9an, larunbata, Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren seigarren saioa egingo da, Artium Museoak eta Tabakalerak elkarrekin antolaturik. Sahatsa Jauregi artistaren aurkezpenaren ondoren, Lizzie Borden-en Born in Flames (1983) filma proiektatuko da, kultuko film eta feminismoaren ikono bihurtu dena.

Zikloa otsailaren 6an amaituko da, Cheryl Dunyeren The Watermelon Woman filmaren proiekzioarekin. Sara Hernandez Tabakalerako zinema saileko koordinatzaileak aurkeztuko du. Hilabete hauetan zehar, programa honek lehen planoan jarri ditu zinemaren historiaren kanonetik kanpo geratu diren zuzendarien izenak eta filmak, zinema feministaren historia eraikitzen joan diren emakumeen ahotsek aurkezturik.

Museoak lau ibilbide gidatu antolatu ditu asteburu honetarako, Lorategitik bisita-programaren barruan. Larunbatean, hilak 9, Beste Historia(k) .Praktika artistikoak eta feminismoak Euskal Herriko testuinguruan saileko bi proposamen izango dira: 12:30ean 80ko eta 90eko hamarkadei eskainitakoa (Hutsean igeri egindakoak), eta 17:30ean, Praktika artistikoak eta feminismoa gaur. Igandean, berriz, bisita gidatu monografiko bana egingo dira: 12:30ean Moyra Daveyren Lanak/Obras/Works erakusketara, eta 17:30ean June Cresporen Helmets erakusketara.

Zabaldu: