Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1400 artelan baino gehiago egongo dira ikusgai.
Veneziako Bienala bezala ere ezagutzen den erakusketa apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo da eta Cecilia Alemanik komisariatuko du. June Crespo (Iruñea, 1982) artistaren partehartzea Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako Zabal programaren emaitzetako bat da. Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1400 artelan baino gehiago egongo dira ikusgai.
Iazko edizioa bertan behera gelditu ondoren, aurtengo erakusketa The milk of dreams lelopean egingo da, Leonora Carrington (1917-2011) idazle eta margolari surrealistaren liburu batetik hartutako izenburua. Bertan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du, zeinetan bizitza irudimenaren prismatik birplanteatzen duen. “Nola hari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe?”, Cecilia Alemani erakusketako komisarioaren hitzetan hauek dira bienalaren edizio hau gidatuko duten galderak, eta hiru arlo tematikotan zentrtuko da: gorputzaren errepresentazioa eta bere metamorfosiak, norbanakoen eta teknologiaren arteko harremanak, eta gorputzen eta Lurraren arteko konexioak.
Testuinguru horrekin kokatzen da era beran Cresporen lana. Bere piezetan, gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk. Eskulturak eta irudiak, beti prekarietate materialetik, komunikabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen direnak.
Crespok beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzetik abiatuta, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatzen ditu, ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz.
Eskultura batzuek elementu ezagungarriak dituzte, eta beste batzuk, berriz, erabat abstraktu eta amorfo bihurtzen dira. Bere lanak armadura bihurtzen dira, aldi berean eraikitako ingurune zein giza gorputza gogora ekarriz. Artistaren instalazioek etorkizuneko hiri-paisaia distopikoak eta izaki ziborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute. Bere eskulturak ontzitzat ditu, baita “aurreko ontzi guztien erakusletzat” ere.
2021ean Gasteizko Artium Museoak bere ibilbidearen una ezberdinetako lanak eta proiekturako berariaz ekoitzitakoak bildu zituen June Crespo. Helmets erakusketan. Crespok hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Mª Jose Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNE-ren Ojo Critico Saria (2018), Botin Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). Haren lanak Reina Sofia eta Artium museoetako bildumen parte dira, besteak beste.