(argazkia: 1545 argitaletxea)

Junkal Lertxundik eta Maider Leturiagak ‘Eraman nazazu zurekin’ haurrentzako album ilustratua kaleratu dute

Zaintzaz eta elkarbizitzaz mintzo den proposamen iradokitzailea argitaratu dute.

Junkal Lertxundi idazleak eta Maider Leturiaga ilustratzaileak ‘Eraman nazazu zurekin’ haurrentzako album ilustratua kaleratu dute 1545 argitaletxearen eskutik.

Pentsatu al duzu inoiz maskota bat hartzea? Galdera xume batetik abiatuta, testuak eta irudiek zentzu bikoitzeko jolasa proposatzen diote irakurleari, zaintzaz eta elkarbizitzaz mintzo den proposamen iradokitzaile honetan. Bukaerara iritsita, istorioak berriz hastera gonbidatzen du, ñabarduraz eta umorez beteriko eszenetan xehetasunik ez galtzeko irrikan.

Liburu hau Galtzagorri Elkarteak antolatzen duen Biko-Teka proiektuan abiatu zen. Lertxundik eta Leturiagak ez zuten elkar ezagutzen, “badago jendea bikoteka izena ematen duena, baina gehiengook bakarka ematen dugu izena. Bakoitzak bere lanaren lagin bat eramaten du eta beraiek egiten dituzte bikoteak. Gure kasuan, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso izan ziren gidariak urte hartan eta beraiek osatu zuten bikotea”, azaldu du idazleak.

Egileak ia zerotik hasi ziren album ilustratua sortzen, “ideia garbirik gabe joan ginen, baina elkartzean amankomunean genituen gai batzuk topatu genituen”. Maskoten ideia gertukoa zen bientzat eta tonua ere argi zuten: umorea.

Testuari dagokionez, Lertxundik nabarmendu du ez dela ohiko narrazio bat: “sekuentzia bat izango litzateke, biñetetan garatzen dena. Bukaeran badago zerbait denari zentzua ematen diona, baina zentzu bikoitzarekin jokatu dugu. Beraz, nahiz eta eszena bakoitzean esaldi bakar bat egon, esaldi horri zegokion ilustrazioa oso adostua izan da bion artean”.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna