(argazkia: AEK)

‘Kaka’ proiektuak irabazi du AEK-Korrika II. Kultur Sorkuntzarako Beka

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola izan dira proiektuaren ordezkari gisa gaurko aurkezpenean eta komedia ganberro eta probokatzaile horren gaineko azalpenak eman dituzte. Gai aldetik, tabuen gainean jardungo du nagusiki.

Gaur eman dute ezagutzera AEK-Korrika Kultur Sorkuntzarako bigarren Bekaren irabazlea: Kaka proiektua. Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute. Bilbon egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea nabarmendu dute, “euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat izatea”. Gainera, hizkuntzaren erabilera azpimarratu dute, eta baita “formatu, espazio eta baliabide aldetik moldagarria izatea eta, sormen-lana izanda, oraindik sortu gabeko zerbait izatea ere.

Proiektuaren ordezkari gisa, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore nagusiek hartu dute parte agerraldian, Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiarekin batera. I. Bekaren irabazleak ekarri ditu gogora Elordik, balantzea eginda: “Balorazio positiboa egin dugu, milaka herritar gerturatu dira Badon ikuskizun berritzailea ikustera, eta aurrerantzean ere ziur gaude ibilbide oparoa izango duela”.

Agirrezabalak eta Olaizolak eman dituzte komedia horren inguruko zertzeladak. Besteak beste, aurreratu dute “ganberroa, jostaria zein probokatzailea” izango dela. Korrika Kulturalaren barruan, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean taularatuko da, Euskal Herriko hainbat agertokitan.

Zabaldu: