(argazkia: ibilaldia.eus)

‘Kala Kalata!’, aurtengo Ibilaldiaren kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte

Xabier Paya bertsolariak egin du abestiaren letra eta Xabi Aburruzagak konposatu du musika. Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain, Itziar Ituño eta Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ikasleak dira kantari ahotsa jarri diotenak.

Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek euskararen aldeko ekimenaren ‘Kala Kalata!’ kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte. “Ibilaldia planteatzeko orduan nahiko argi izan dugu Betiko eta Ander Deuna ikastoletako komunitatea osatzen dugun pertsonek erarik ahalik eta kooperatiboenean egin behar genuela Ibialaldiaren egitaraua eta baita Ibilaldiak bereak dauzkan gainerako osagaiak ere; kanta, esate baterako. Egia da ere, are gehiago sortze lana den kasuetan, zaila dela hainbat bururen iritzi eta proposamenak batzearekin batera sortze lan batek behar duen kalitatea bermatzea”, adierazi dute antolatzaileek.

Kala kalata dugu aurtengo Ibilaldiaren leloa eta antolatzaileen arabera, “egileak inor baino hobeto jakin du berba gutxitan biltzen lelo horrekin adierazi nahi dena, hots, bidai honetan, goitik behera eta hezur-mamiraino, busti beharra dagoela. Busti beharra euskara ezagutu eta ikasteko, busti beharra euskaraz mintzatzeko, busti beharra euskara edonorekin edonon eta edonoiz erabiltzeko, busti beharra, azken batean, euskaraz bizitzen ikasteko. Ez da ez erronka makala geure buruei eskatzen dieguna eta lortu nahi duguna; euskaraz Ibilaldian, euskaraz etxean, euskaraz ikastolan eta euskaraz herrian!”.

Xabier Paya bertsolariak egin du abestiaren letra eta Xabi Aburruzagak konposatu du musika. Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain, Itziar Ituño eta Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ikasleak dira kantari ahotsa jarri diotenak. Eriz Perez (gitarra akustikoa), Jose Urrejola (pianoa, perkusioak, programazioak, gaita eta whistle), Xabier Zeberio (biolina eta biola), Alberto Urretxo (tronboia), Andrzej Olejniczak (saxoa) eta Nikolas Zubia (tronpeta) musikariek ere parte hartu dute.

Zabaldu: