Kalakan taldeak hiru eguneko jaialdia antolatu du Sarako kobazuloetan

Kontzertuak irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean egingo dira eta hainbat artista gonbidatu izango dira bertan. Folk musika, korala eta kantu difonikoari omenaldia egin nahi diote edizio honetan.

Kalakan taldea Sarako kobazuloetara itzuliko da hainbat artista gonbidaturekin batera, irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an. Hau ez da hirukoteak Sarako kobazuloetan eskaintzen duen lehenengo jaialdia. Izan ere, musikariek aurten seigarren aldiz joko dute bertan eta formatu bera mantenduko dutela zehaztu dute: Taldea bera ardatz izango duen hiru eguneko jaialdi bat. Bertan beste artista eta lagun batzuek ere hartuko dute parte, “hori guztia ingurune paregabe batean”, adierazi dute. Jaialdi honen lehen edizioa 2015ean izan zen, baina aurtengoa berezia izango dela iragarri dute, “pandemia dela eta bi urteko etenaldiaren ondoren itzulera bat da”, azaldu dute.

Hala, edizio honetako aurreneko egunean folk mirandarra izango da Trasga (Miranda do Douro, Portugal) taldearen eskutik. Bigarren egunean, larunbatean, Alexander Arkhincheev (Buriatia – Mongolia) musikaria igoko da oholtzara, eta jaialdiari amaiera emateko, igandean, Irungo Nayade Abesbatzaren txanda izango da. 1997an sortutako talde honetako ibilbidean formatu handietan eskaini ditu zuzenekoak, Musika Hamabostaldian parte hartzen edo Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lankidetzan eta baita formatu txikiagoetan ere, bertako bakarlari gazteekin.
Folk musika, korala eta kantu difonikoa. Hiru ikuskizun desberdin izango dira, baina lotura komun bat izango dutenak: guztiak ere toki oso berezi eta magiko batean eskainiko dira: Sarako kobazuloetan.

Zabaldu: