Obrak bizitzari zentzua bilatzerakoan egiten den bidaiaz hitz egiten du.
Kamikaz Kolektiboak 10 urte bete ditu aurten eta komedia distopiko batekin ospatu nahi du urteurrena: Renata. Durangoko San Agustin kulturgunean izango du estreinaldia otsailaren 1ean.
Halaxe dio sinopsiak: “Azken orduko albistea: Renata berpiztu egin da! Renata 133garren aldiz hil da; marrazoz betetako igerilekura salto egin eta bururik gabe geratu denean. Lasai, berehala berpiztuko baita. Renata etengabe hil eta berpizten da, esku artean hil ala biziko misio bat daukalako. Pantailen artean desitxuratzen ari den sistema aldrebes baten erdian, lortuko ote du nola bizi ahaztu duen jendartea esnatzea?”.
Antzezlanak bizitzari zentzua bilatzerakoan egiten den bidaiaz hitz egiten du. “Bizitzaz hitz egitean, ordea, ezinbestekoa zaigu heriotzaz ere hitz egitea”, azaldu du Kolektiboak. Bizitza eta heriotza. Gai sakonak izan arren Kamikaz konpainiaren ezaugarri den komedia garratzarekin gozatzeko aukera izango du ikusleak, estetika bizia, aldaketa azkarrak eta jolasak lagunduta.
Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola, Xanti Agirrezabala eta Iraia Elias dira obra honen sortzaileak eta adierazi dutenez, “sorkuntza honetan ere aurretik bidelagun eta konplize izandako hainbat sortzaile izan ditugu alboan. Espe Lopez izan dugu zuzendaritzan bidelagun. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lanean bezala”.
Oraingoan ere jantziek garrantzi handia izango dutela nabarmendu dute eta hauek josi eta diseinatzeaz Barbara Rasso arduratu da. Soinu bandaz, berriz, Eñaut Gaztañaga musikaria arduratu da eta argi diseinuaz Imanol Garcia. Holy Fire Studiok egin du diseinu grafikoa eta Iker Gozategik eszena argazkiak. Azkenik, Odei Barrosok eta Xabier Euzkitzek ere parte hartu dute.
“Mimo handiz” sortutako lana dela dio lantaldeak. Otsailetik aurrera hainbat herritan izango dira, agenda bete-betea dute dagoeneko. Durango izango da lehen geltokia, hortik aurrera Zarautz, Getxo, Donostia, Arrasate eta Santurtzi, besteak beste, bisitatuko dituzte.