Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ obra irabazlea eskainiko da.
Kamikaz kolektiboaren eta Ttak Teatroaren ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlanak eskuratuko du aurtengo Donostiako Antzerki Saria. Epaimahaia Inazio Tolosak (AISGE), Kepa Ugartemendiak, (Antzerkizalea), Amaia Irazabalek (EHAZE), Xanti Agirrezabalak (Euskal Aktoreen Batasuna), Alaitz Tolosak (Publikoaren ordezkaria) eta Julen Odriozolak (Publikoaren ordezkaria) osatu dute, eta balio handia eman diote sorkuntza propioa izateari eta, batez ere, antzezleek beraiek bideratutako sorkuntza prozesua izateari. “Testua sortu, eta testuaren taularatzea zuzendu eta antzeztu pertsona berberek egiten dute eta testua idaztera eraman dituzten galderek, eztabaidek eta hausnarketek indar handia hartzen dute taula gainean”. Epaimahaiaren ustez, “emaitza bikaina” lortu dute eta hizkuntzaren aldetik ere “kalitate handiko lana” dela azpimarratu du.
Antzezleen lana ere goraipatu du epaimahaiak, “antzezleek indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta edozein ideia eszeniko taula gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute”. Beraien arteko konplizitatea ere azpimarratu du epaimahaiak.
Dramaturgiari dagokionez, “oso indartsua da” epaimahaiaren esanetan. “Antzezlan honek taula gainean erakusten duen irudiak indar handia du eta, oro har, obraren lengoaia artistikoak ekarpen handia egiten dio azken emaitzari. Jantziak, maskarak eta bestelako baliabideak oso originalak izateaz gain, asko adierazten dute obran zehar”.
Antzezlanak ikuslea bereganatzea lortu du gainera, harreman zuzena eta gertukoa sortuz. Horrek, giro goxoa eta atsegina sortzen duela antzokian gaineratu du epaimahaiak.
Azkenik, Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak egindako lanaren osotasuna eta kalitatea goraipatu eta XXIII. Donostia Antzerki Saria ematea erabaki du aho batez epaimahaiak.
Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak 12.000 euro eta Ramon Zuriarrainen artelana jasoko dituzte sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria eman eta gero lan irabazlea eskainiko da.
Gonbidapenak martxoaren 26an, igandea, egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.