Karmele Jaioren ‘Aitaren Etxea’ eleberriak irabazi du 2019ko 111 Akademiaren Saria

Txanda guztietan Jaioren eleberria izan da bozkatuena, eta Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak eleberria izan du lehiakide azken bueltan. Ezohiko egoera dela eta, aurten ez da jendaurreko sari-emate ekitaldirik egingo.

111 Akademiak Karmele Jaiori emango dio 2019ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Jaioren Aitaren etxea eleberria izendatu dute 2019ko libururik gogokoen. 111 Akademiak 201 kide ditu une honetan, eta horietatik 114k hartu dute parte 2019ko sariduna izendatzeko 2020ko urtarrila eta apirila bitartean buruturiko hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan Jaioren eleberria izan da bozkatuena, eta Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Une honetan aurtengo sari-banaketa ekitaldiaren nondik norakoak aztertzen ari dira 111 Akademiako arduradunak.

Jaiok, hala ere, ez du 2019ko lehenengo 111 Akademiaren Saria izango. “Gogora dezagun 2006an ere idazle gasteiztarrak jaso zuela irakurleen sari hau Amaren eskuak eleberriagatik”. Hala, 111 Akademiaren Saria (2012. urtera arte Beterriko Liburua izenez ezagutua) bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Karmele Jaio, bera delarik, oraingoz, taldetxo horretako emakume bakarra: Ur Apalategi, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano dira gasteiztarrarekin batera irakurleen sari hau bi aldiz irabazi duten idazleak.

Aitaren etxea eleberriari dagokionez, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz idatzi du Jaiok. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Lurralde ezezagun batean barneratu da jaio nobela honekin eta bertatik arrakastaz itzuli da. Akademiakide baten arabera, “literatura heldutasunera iritsita” aurkituko du irakurleak lan honetan.

Zabaldu: