Aitaren etxea eleberriagatik eman diote saria Jaiori. Iñigo Astizek, berriz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria eraman du eta Miren Asiainek Ilustrazio saria.
Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri ditu Euskadi Literatura sarien lehen irabazleak: Euskarazko Literaturaren atalean, Karmele Jaio idazleari eman diote saria Aitaren etxea eleberriagatik. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako lanen atalean, berriz, Iñigo Astizentzat izan da saria Joemak eta Polasak lanagatik. Lan Literarioaren Ilustrazioa Miren Asiainek eraman du un millón de ostras en lo alto de la montaña lanarekin.
Gasteizko Artium museoan eman dituzte ezagutzera aurtengo sarituak. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren arabera, “sarien aitormena egitea zuen ohiko irakurleengana eta irakurle berri izan daitezkeenengana zubi bat eraikitzeko modua da. Zuen ohiko irakurleak gaur pozik daude Euskadi Literatur Sarien aitormen hau jaso duzuelako. Arrazoi beragatik hurbil litezke beste batzuk zuen liburuak eskuratzeko eta irakurtzeko pozbide horretara”.
Sari banaketa ekitaldi ofiziala azaroaren 19an egingo dute, Bilboko Alondegian. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Datorren astean iragarriko dituzte gainontzeko lau modalitateetako irabazleak: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.