(argazkiak: Elkar)

Karmele Mitxelena eta Goio Ramos dira aurtengo Augustin Zubikarai sariaren irabazleak

Mitxelenaren Zoriontasuna, edo antzeko zerbait eta Ramosen London Calling dira eleberri-proiektuak. Bien artean banatuko da zortzi mila euroko saria, eta bien lanak argitaratuko dira datorren urtean.

Bi idazleren artean ex-aequo banatu da aurten Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita hamabi lan aurkeztu dira guztira, “batez besteko oso maila onarekin gainera”, adierazi dute eta besteak beste horregatik bi proiektu saritzea erabaki du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak: Karmele Mitxelena oiartzuarraren Zoriontasuna, edo antzeko zerbait eta Goio Ramos basauriarraren London Calling. Bien artean banatuko da zortzi mila euroko saria, eta bien lanak argitaratuko dira datorren urtean, orain proiektu direnak amaitutakoan. Saria Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan aurkeztu zen, Patxi Zubizarretak idatzitako Loak ezkutatzen duena eleberriarekin batera. Zubizarretak iaz irabazi zuen saria.

Mitxelenaren lanak alargun geratu berri den emakume heldu batek (Mariak) egindako barne- eta kanpo-bidaia kontatuko du, bere burua berrasmatu nahian. “Sentimenduak nabarmentzen diren eleberri bat da (poza, haserrea, tristura, lotsa, errua…), lehen pertsonan idatzitako prosa dotore eta ñabarduraz beteriko baten bidez emana”, azaldu du epaimahaiak.

Goio Ramosek, berriz, bere bi pasioak uztartu ditu London Calling nobela-proiektuan: literatura eta musika. 80ko hamarkadan, RRVren garaiko “Hilotzak” alegiazko musika-taldea da ardatza, eta horren inguruan hainbat gai agertuko dira: droga, politika, harremanak… “Taldekide baten alabak gaur egun Londresko metroan kanta bat entzutean hasten da kontakizuna, izan ere, inoiz diskorik grabatzera iritsi ez zen talde baten kanta da entzun duena, non eta Londresko metroan…”.

Karmele Mitxelena Etxebeste 1988an jaio zen Oiartzunen eta bertan bizi da. Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako irakaslea da, ikasketaz eta lanbidez. Literaturan nahiz bertso idatzietan sari ugari irabazitakoa da. Bere liburuen artean daude Erakusleihoan album ilustratua (Peru Abarka saria), Marrubizko uda haur kontakizuna (Mikel Zarate saria) eta Haragizko mamuak ipuin-bilduma (Donostia Hiria saria).

Goio Ramos Villanueva 1966an jaio zen Basaurin, baina Ugaon bizi da aspaldidanik. Euskal Filologia ikasitakoa da, eta irakaslea lanbidez, Bilboko Iralen. Haurrentzako bi kontakizun argitaratu ditu: Basajaunen misterio (Baporea saria) eta Izeko Mirenek lagun berria du. Helduentzat, berriz, hainbat ipuin saritu izan diote, eta han eta hemen dauzka argitaraturik.

Zabaldu: