'Baldin Bada' ikuskizuna

Karrika Arteak jaialdia egingo dute Hendaian larunbatetik astelehenera bitartean

Jaialdia Baldin bada ikuskizunarekin hasiko da larunbatean, goizeko 11:30ean.

Larunbatetik astelehenera bitartean Karrika Arteak jaialdiak Hendaiako kaleak hartuko ditu. Hiru egunez, Euskal Herriko nahiz nazioarteko musika emanaldiak, zirku eta antzerki ikuskizunak, suarekin egindako koreografiak eta umorea ardatz duten saioak ikusi ahal izango dira.

Jaialdia Baldin bada ikuskizunarekin hasiko da larunbatean, goizeko 11:30ean. Shakti Olaizola artistak taulatuko duen obra honen bidez, “gertutik ikusi ahal izango ditugu margolari eta musikari baten erokeri eta zentzugabekeriak”, azaldu du antolakuntzak. Ikuskizunak zirkua, antzerkia, musika eta pintura uztartzen ditu.

Yldor Llach katalanak Sobre Rodes izeneko arte txirringaren inguruko kale ikuskizuna aurkeztuko du egun berean, 20:30ean.

Plato sin plata izango da larunbateko azken ikuskizuna, gaueko 22:30ean. Antolatzaileen arabera, “ikuskizun eskuzabala da. Honetan, publikoa bazkaltzera eta une oniriko batez, jaiaz eta ihesaldi kolektiboaz gozatzera animatu nahi da”.

Jaialdiak igandean izango du jarraipena Trotamundos konpainiaren Historias de un baúl ikuskizunarekin, 11:30ean. “Historias de un Baúl, Fidel eta Capulitaren istorioa da. Bi pertsonaia maitagarri, bidaia zale, zirkuko artista eta ameslari dira. Bizitzan noraezean dabiltza maleta zahar bat arrastaka daramatela”.

Arratsaldeko 18:00etan, Break In Show ikuskizunaren txanda izango da. Camille Harran, JIP krasker, Carla Geledan & Maxime Lartigue dira Landetan eta Euskal Herrian sortutako talde hau osatzen duten dantzariak. Taldeak hip-hop, dancehall eta breakdance estiloak uztartzen ditu.

Iluntzeko 20:30ean Orchestre Intercommunalen zuzenekoa izango da, eta amaitzeko, 22:30ean,  Libellune konpainiaren Nuita su ikuskizuna.

Aurtengo edizioa astelehenean amaituko da beste hiru emanaldirekin. Aurrenekoa Circus Cabaret izango 11:30ean, Collectif Tripolaireren eskutik. Iluntzeko 20:30ean, Nextape konpainiaren Neptune7-pamplemousse_51, eta amaitzeko, Cie Akoumaren Oxo su ikuskizuna izango da.

Jaialdiari buruzko informazioa, hemen.

Zabaldu: