Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituan parte hartzeko deialdia zabalik da

Egitasmoak bi helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen eremuko gipuzkoar talentuak balioan jartzea eta horiek sustatzea, eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea klubei eta antolatzaileei babesa emanez.

Katapulta Tour musika eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuituan izen emateko epea zabalik da otsailaren 5era arte.

Musika eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da Katapulta Tour, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuek bultzatzen dute, Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ekin lankidetzan. Egitasmoak gazteei arreta berezia eskaini nahi die, eta bi helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen eremuko gipuzkoar talentuak balioan jartzea eta horiek sustatzea, eta Gipuzkoako eszena kulturala dinamizatzen laguntzea klubei eta antolatzaileei babesa emanez.

Deialdia musikan eta arte eszenikoetan aritu nahi duten artista berri, profesional edo erdi-profesionalei zuzenduta dago. Antolatzaileek azaldu dutenez, “pop, rock, folk, elektronikoa, hip-hop eta antzeko musika estiloetako proposamenak onartuko dira, eta baita formatu txikiko arte eszenikoetako proposamenak ere, esate baterako, mikro-antzerkia, bakarrizketak, performanceak eta magia”.

Hautatutako proiektuei honako hauek eskainiko zaizkie: Gipuzkoako gune desberdinetan hiru emanaldi eskaintzeko aukera; 400 euro emanaldi bakoitzeko; artista edo proiektua sustatzeko bideo baten grabazioa.

Proposamenak 2021ko urtarrilaren 15tik otsailaren 5era bitartean aurkeztu beharko dira hurrengo estekan: izen-emateak.

Zabaldu: