Katixa Agirre, Eider Rodriguez eta Bernardo Atxagaren lanen itzulpenak argitaratu dituzte

Katixa Agirreren Atertu arte itxaron eleberriaren daniarrerako itzulpena, Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea eleberriaren albanierarako itzulpena, eta Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin bildumaren katalanerako itzulpena egin dituzte.

Ane-Grethe Østergaard itzultzaileak eraman du daniarrera Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (2015) liburua. Eleberriak bikote batek Euskal Herrian zehar egiten duen bidaia kontatzen du, road movie tankerako narrazio batean. Argitaratutako urtean bertan Akademia Saria irabazi zuen lan honek, eta dagoeneko, danieraraz gain, gaztelaniara ere itzuli da. Aurora Boreal argitaletxeak atera du daniarrerako itzulpen hau, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.

Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia (2017) ipuin bilduma katalanera itzultzearen arduraduna berriz, Pau Joan Hernàndez izan da Edicions del Periscopi argitaletxearekin. Rodriguezen lanak sei ipuin biltzen ditu eta gaztelaniara ere itzuli dute dagoeneko.

Soinujolearen Semea (2003) eleberria ingelesera, suedierara, bulgarierara, frantsesera, daniarrera, italierara, alemanierara, errusierara eta galizierara, besteak beste, itzuli izan da dagoeneko; eta zerrenda horri albaniera gehitu zaio oraintsu, Bashkim Shehu autorearen eskutik. Donostia 2016 Hiriburutza Kulturalean zehar gauzatu zen Chejov vs. Shakespeare egitasmoan gutun-korrespondentzia partekatu zuten Atxaga eta Shehuk, eta harreman horretatik atera da itzulpen hau egiteko nahia. Eleberri honek Joseba eta David lagunen gorabeherak kontatzen ditu, 1930eko hamarkadatik XXI. mendera arte, Euskal Herriko gatazkaren giroan.

Pasa den urtean itzulpenak egiteko Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza jaso zituzten proiektuetatik, batzuk argitara eman dituzte jada. Oraindik argitaratu ez diren proposamenek, ostera, 2019ko abendura bitarte dute itzulpenak argitaratzeko epea.

Zabaldu: