(argazkia: Bilboko Udala)

Katixa Goldarazena, Ibai Madariaga eta Miel Oiarzabal artisten ‘Zaldia zelan hil’ erakusketa BilboArten ikusgai

Erakusketa ekainaren 4ra arte egongo da ikusgai Urazurrutia aretoan.

BilboArte Fundazioak Katixa Goldarazena (Arruitz, 1992), Ibai Madariaga (Mallabia, 1994) eta Miel Oiarzabal (Durango, 1994) artisten Zaldia zelan hil erakusketa aurkeztu du Urazurrutia aretoan. “Oraingo honetan, erakusketa etengabe aldatzen joango da ikusgai egongo den hilabetean zehar, eta ikuslearen aldetik berrinterpretazio-ariketa bat proposatuko du”, azaldu dute BilboArteko kideek.

Hau da 2020an beka jaso zuten hiru artista hauek elkarrekin lan egiten duten lehen aldia eta horregatik, erakusketaren prestakuntzak protagonismo handia hartuko du: “hiruren artean zerbait ekoiztea nahi zen, ez bakoitzaren lanaren puzzle bat, Ate Irekiak 2020 jardunaldian gertatu zen bezala. Horrela, Urazurrutia aretoan lanerako espazio komun bat aurkitu dute”.

Erakusketaren izenburua hiruren arteko lan komun hori sortzeko abiapuntua da. “Nola egingo zenioke aurre animalia bati tresnarik gabe?” galderari egiten dio erreferentzia Zaldia zelan hil tituluak. Fikzio hori, azkenean, behin eta berriz agertzen da lan egiteko moduan, eta etengabe proposatzen du muntaia nola landu planteatzeko ariketa.

Horretarako adreiluak, egurra edota pladurra bezalak industria-materialak eta aurreko erakusketako eta zentroaren eskultura-tailerreko soberakinak erabili dituzte. Lan pertsonalak ere bildu dituzte, esate baterako, Goldarazenak azken urtean ekoitzitako bideo sorta bat, BilboArteko egonaldian garatutakoa. Alde batetik, erakusketa osatzen duten material horiek jostailu gisa ikusten dituzte artistek eta, beste aldetik, ikasketa gisa gozatzen duten muntaketa-denbora. Zaldia zelan hil erakusketa aldakor gisa proposatu da, zirkuituetan hain ohikoa den azken proposamen aldaezin hori saihestuz.

Artisten arteko distantzia erabakigarria izan da erakusketa honen eta bere katalogoaren ekoizpenean, Goldarazena, Madariaga eta Oiarzabal Bizkaia eta Nafarroatik datozelako. Ondorioz, azken hilabetea izan da Zaldia zelan hil erakusketa eta bere ezohiko katalogoa prestatzeko lan intentsiboena. “Katalogoaren ekoizpena esperimentazio ariketa bat izan da hiru artistentzat. Testuen egiletza disolbatzen saiatu dira, katalogoko orrietan eskaneatzeak handitu dira aurkeztutako idazki pertsonalen transkripzio eta berrinterpretazioaren bidez. Emaitza hainbat modutara irakurri edo esperimentatu daiteke, testuak desordenatuta daudelako hizkuntzari dagokionez, eta akatsak eta errepikapenak dituztelako.

Zaldia zelan hil erakusketa astelehenetik ostiralera egongo da ikusgai Urazurrutia aretoan, arratsaldeko 17:30etik 20:30era, ekainaren 4ra arte.

Zabaldu: