(argazkia: Miguel Berrocal EHU)

Kazetaritza Matxistaren Behatokiak jasotzen dituen albisteen % 43k genero indarkeria erromantizatzen edo minimizatzen du

EHUko Bitartez, Pikara Magazine eta M8 Komunikatzaileek bultzatuta, 195 berri-emate sexista dokumentatzen ditu proiektuak, ikuspegi didaktikoa erabiliz.

Kazetaritza Matxistaren Behatokiak (https://periodismomachista.com/eu/) komunikabideen berri-emate matxisten 195 kasu argitaratu ditu jaio zenetik, eta informazio horietako gehienek (% 43) genero indarkeria minimizatzen edo erromantizatzen dute. Ondoren, emakumeak kosifikatzen dituzten eta azalekoa azpimarratzen duten titularrak daude (% 16), eta errua biktimari egozten diotenak (% 11).

Behatokia Euskal Herriko Unibertsitateko Bitartez ikerketa-taldearen, Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkartearen eta M8 Komunikatzaileen gizarte-eragineko ekimena da. Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak nabarmendu duenez, “kazetaritza ona ez da bateragarria matxismoarekin, eta EHUtik, erakunde gisa, berresten dugu gure konpromiso feminista”.

Talde sustatzaileak bere lehen urteko emaitzak aurkeztu ditu Madrilgo Prentsa Elkartean, azaroaren 25aren, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira. Proiektua jendeak webguneko eta sareetako postontzi baten bidez helarazten dituen informazioez hornitzen da. Ondoren, adituek –akademikoek, kazetariek eta feminismoan adituak direnek– informazio horiek aztertzen dituzte. Berri-emate sexista erakusten duten informazioak argitaratzen dira, baina soilik taldeak aho batez aukeratzen baditu.

Informazio matxista bakoitza bederatzi kategoriaz osatutako taxonomia propio batean sailkatzen da. Kasu bakoitzean, Behatokiak berri-emate matxista zergatik den azaltzen du, medioak dagoeneko zuzendu badu (askotan gertatzen den bezala), eta arazoa konpontzen duen titular berdinzale baten proposamena ematen du. Ikerketak kanpoan uzten ditu iritzi-artikuluak.

Angeriñe Elorriaga proiektuaren zuzendarikide eta EHUko Bitartez ikerketa-taldeko kideak adierazi duenez, “helburua didaktikoa da, ez dugu profesionalik edo mediorik seinalatu nahi. Kazetaritzako ikasgeletan ohikoa dena gizarteari hurbildu nahi diogu. Ikasle batek ere ez luke titular horiekin aprobatuko”.

Kategoriak, banan-banan

Bederatzi kategorietatik, errepikakorrena indarkeria matxista erromantizatu edo minimizatzen duena da, hautemandako kasuen % 43an gertatzen baita. “Dos años de cárcel por mantener relaciones sexuales con una niña de doce años” edo “Un joven tiene sexo consentido con una chica en Sigüeiro pero acaba condenado porque intentó una práctica que ella le advirtió que no haría”.

Ondoren datoz, % 16rekin, emakumeak kosifikatu eta azalekoan zentratzen direnak, hala nola “El espejo del alma: Paloma Lago: Tipazo y cara pepona por los rellenos” edo “Pam Bondi, la explosiva sesentona a la que Trump nombró fiscal general”.

Prebalentzia handiena duen hurrengo kategoria biktimari egozten diona da, % 11rekin. Honako titular hauek biltzen ditu: “Una mujer provoca un accidente cuando su maltratador trataba de estrellar el coche para matarla” edo “Una niña envía a su padrastro a prisión tras grabarlo con cámara oculta mientras abusaba de ella en A Coruña”.

Balioa irudi maskulinoekin lotzen duten albisteak % 9 dira: “La novia de David Broncano reaparece tras la polémica con Melody”; emakumeen lorpenak ikusezin bihurtzen edo minimizatzen dituztenak % 8 “La selección española de waterpolo, campeona de Europa por primera vez”, gizonezkoen selekzioari erreferentzia egiten ziona, emakumezkoena hirutan irabazia zegoenean; “emakume” hitzaren erabilera problematikoa egiten dutenak % 6 dira: “Una mujer para dinamizar la justicia militar”; genero-estereotipoak indartzen dituztenak % 5 dira: “El caos por el pantallazo azul de Windows inunda Barajas: una ‘avalancha de gente’ y clientas ‘desquiciadas’”; nomenklaturan bereizten dituztenak % 5 dira: “Irene, Isa, Ione y Noelia: Iglesias radicaliza Podemos”; eta, azkenik, emakumeak edozein gatazkaren erantzule egiten dituztenak % 4 dira “El movimiento feminista que amenaza la supervivencia de Corea del Sur”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna