Amancay Gaztañagak, Jon Ander Urrestik eta Ander Lipusek eskainiko dituzte ikastaroak azaroan eta abenduko hiru asteburutan.
Artedramak eta Gernikako Kultur Etxea Fundazioak elkarlanean, arte eszenikoetara hurbildu nahi duten herritarrei aukera luzatu nahi die jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen antzerkiaren abenturan murgiltzeko. “Gernika-Lumon kultur eskaintza anitza emateko asmotan Keinu antzerki ikastaroak ere eskaini nahi ditugu”. Horretarako, arte eszenikoen mundura lehen pausua emateko tailer trinkoak euskaraz proposatzen dituzte eta horiekin batera antzerkigile ezberdinen begirada ezagutzea dute helburu. “Gure keinu antzerkigileei, antzerkizale eta etorkizuneko aktoreei zabaldu nahi diegu gure herrian eta eskualdean”. Beste behin ere, antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea da antolatzaileen erronka nagusia. “Saio hauetan ikasle bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa eraikitzea gustatuko litzaiguke eta antzerkiak dituen forma guztiak ezagutzea gurekin”.
Hiru asteburutan adin guztientzako ikastaro trinkoak biltzen ditu Keinu programak:
Aurrenekoa azaroaren 16an eta 17an izango da Amancay Gaztañagarekin Elai Alai aretoan. Sorkuntzaren bide askeetan barrena izenpean, “zer da kontatu nahi duzuna? Nola kontatuko zenuke?”, bi galdera hauei erantzun ahal izateko, beharrezkoak diren lan-tresnak eskuragarri jarriko dira ikastaroan. “Interpretazioan lehen urratsak emango ditugu, jolas ezberdin eta inprobisazio teknikak erabiliaz. Norberak istorio bat kontatu ahal izateko duen gaitasuna landuko dugu. Gorputzaren pudore eta lotsak apurtu eta ikasleak dituen espresatzeko eta kontatzeko beharrei bidea irekiz”.
Bigarrena azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean burutuko da Jon Ander Urrestiren eskutik, Espazioa jokatuz izenpean. “Irudimenari forma emateko beharrezkoa da ezagutzen ez duguna, ezagutzen dugunetik konkistatzen saiatzea”. Horretarako gazteenek ondo ezagutzen duten tresna bat erabiliko da tailerraren ardatz nagusi: Jolasa. “Espazioan egon, mugitu eta transformatzeko bidai honetan jolasaren plazerraz baliatuko gara bakoitzak duen animalia eszenikoan murgiltzeko eta ezagutzeko. Muga ezberdinen bitartez ikasiko dugu antzeztea gure buruari joko bat proposatzea dela. Honetarako kanpo estimulu ezberdinak erabiliko ditugu, ikasleek erraztasunez beraien irudimena zorroztu eta forma emateko”.
Ander Lipusek eskainiko du hirugarren eta azken ikastoa abenduaren 14an eta 15ean, Antzerkia biziz izenburupean. Antzerkia plazerez bizitzea du helburu tailer honek. Talde-lana eta aktorearen autonomia izango dira tailer honek jarraituko dituen ildoak. Mekanika eta adierazpide ezberdinen ikasketek aktorearentzako herraminta mekanikoak izateko balioko dute, gero, aktoreak bere ahotsa eta gorputza espazioan landu ditzan. Mekanikatik poetikara, ekintza dramatikoak eraikiko dira. Ikerketa, bilaketa eta bide esperimentalak taldeka eta bakarka landuz. Aktorearentzako materialen praktika sortzaileak eta aktore forma berrien bilaketa dira ikastaroaren xedea. Antzerkia plazerez bizitzea du helburu tailer honek. Antzerkiaren mundua ezagutu nahi duen orori dago zuzendua ikastaro hau (17 urtetik gorakoentzat). Batez ere, antzerki munduan, gauza berriak ikasi, aurkitu eta jolasteko prest dagoenari.
Ikastaroetan izena emateko: 615 779 511 eta info@artedrama.eus