(argazkia: Bizkaiko Bertsozale elkartea)

Kelmene Abaituak jantzi du 2024ko Bizkaiko Eskolarteko txapela

Ekhi Zuluaga izan zen bigarrena eta Abaituarekin batera ekainaren15ean Arantzan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako sailkatu dira.

Bizkaiko eskolarteko bertso idatzien finala eta bat-bateko finala jokatu ziren larunbatean, Arrigorriagako eskolan. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da eskolartekoa.

Goizeko 10:00etan 200 parte hartzaile bildu ziren idatzizko finala jokatzeko. Aurretik ikastetxe eta herrietan egin zituzten aurrekanporaketak. LH5etik batxilergora arte, mailaka jokatzen da idatzizkoa.

Jarraian, 11:30ean hasita, bat-bateko finala jokatu zuten zortzi finalistek. Aurten hamazortzi parte hartzaile egon dira bat-bateko txapelketan eta hiru kanporaketa jokatu dira. Horietatik zortzi heldu dira, esandako moduan, finalera: Aiala Irurtia Montero (Arantzazu), Eider Fernandez Aranburu (Bermeo), Ekhi Zuluaga Intxaurbe (Igorre), Enara Gallastegi Barrenetxea (Dima), Garazi Uriarte Alonso (Berriz), Iradi Barrenetxea (Artea), Kelmene Abaitua Isazelaia (Berriz) eta Naroa Iturrioz Lauzirika (Zornotza).

Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin zuten gazteek eta, ondoren, bakarka gaiari erantzun. Ariketa horiek egin ostean, Ekhi Zuluaga eta Kelmene Abaitua izan ziren puntu gehien batu zituzten bi bertsolariak eta, beraz, buruz-burukora sailkatu zirenak. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan zuten atal honetan.

Buruz burukoa jokatu ostean, Kelmene Abaituak batu zituen puntu gehien eta 2024ko Bizkaiko eskolarteko txapela lortu du. Txapela Oihana Bartra bertsolariak ipini zion txapeldunari.

Buruz burukoa jokatu zuten bi bertsolariak, ekainaren15ean Arantzan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalera sailkatu dira.

Bat-bateko finalean aurkezle beharretan Igor Menika Bengoetxea aritu da. Epaimahaia Mirari Azula Aurrekoetxea, Ainhoa Arregi Elosua eta Juanjo Respaldiza Ozaetak osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Ariane Elejabarrieta aritu da.

Zabaldu: