(argazkia: Iago, Kerobia)

Kerobia taldeak hiru kontzertu eskainiko ditu azaroan, 20. urteurrena ospatzeko

Azaroaren 20an izango da aurrenekoa Galdakaoko Torrezabal kultur Etxean, bigarrena 26an eskainiko dute Iruñeko Baluarte jauregian eta, amaitzeko, azaroaren 27an Azpeitiko Soreasu antzokiko agertokira igoko dira.

Zortzi urte baino gehiago dira Kerobia taldea eszenatokietatik jaitsi zenetik, salbuespen bakarra 2017ko Hatortxu Rock jaialdian taldeak eskaini zuen ezusteko zuzenekoa izan zen. Pilak kargaturik dator boskotea orain, “energia faltagatik utzi genuela esan genuen, eta orain berriz gatozela diogu, daukagulako”, adierazi dute.

2001. urtean sortu zuten Kerobia Mikel Zorrillak (bateria), Alberto Isabak (baxua), Ruben Matillak (gitarra), Mikel Isabak (teklatua) eta Xabi Bandinik (ahotsa). 20 urte dira, beraz, taldea jaio zenetik eta urteurren hori ospatzeko, boskoteak Konstelazioa izeneko binilo bikoitza argitaratu zuen joan den apirilean, edizio mugatuan. Nafarren abesti enblematikoen bilduma da honakoa, baita taldeak bere diskografiako diskoetarako baztertu zituen kantuena ere. Lanak harrera ona izan duela ikusirik, boskoteak lagunak eta jarraitzaileak biltzeko hiru kontzertu eskainiko dituela iragarri du.

Azaroaren 20an izango da aurrenekoa Galdakaoko Torrezabal kultur Etxean, bigarrena 26an eskainiko dute Iruñeko Baluarte jauregian eta, amaitzeko, azaroaren 27an Azpeitiko Soreasu antzokiko agertokira igoko dira.

“Ez dago zalantzarik guretzat bereziak izango direla, Kerobiarekiko gogo handia ikusi dugu eta hiru kontzertu hauek, Iruñekoa bereziki, gure musika jarraitzen dutenekin topaketa izatea nahi dugu”.

Taldeak sarrerak salgai jarri ditu webgunean.

Zabaldu: