Kherau taldeak ‘Phrolck’ diskoa kaleratu du

Lan berrian blues, gospel eta country estiloak entzun daitezke, taldearen soinu propioa eta herriko melodiak baztertu gabe. “Hitzak eta konposizioak pertsonalagoak dira, malenkoniatsu edo festarako aproposak, baina inoiz baino zainduagoak”.

Kherau taldeak Phrolck izeneko hirugarren diskoa aurkeztu du Elkar argitaletxearen zigilupean. Lan berria iazko urtarrilean grabatzen hasi ziren arren, pandemiaren eraginez, orain arte ezin izan dute plazaratu.

Boskote bizkaitarrak euskarazko folk garaikidea jorratzen du tradiziozko tresnak erabiliz, nazioarteko folklorearen iturrietatik edanez eta bertso sorta herrikoiak zein eurek sortutako testuak nahastuz.

Phrolck disko berrian blues, gospel eta country estiloak entzun daitezke, Kherauren soinu propioa eta herriko melodiak baztertu gabe. Taldeak adierazi duenez, hitzak eta konposizioak aurreko diskoetan baino “pertsonalagoak dira, malenkoniatsu edo festarako aproposak eta inoiz baino zainduagoak”.

Urte hauetan zehar, publikoaren arreta eta kritikaren begirunea lortu dituztela dio diskoetxeak. “Tradizio eta berrikuntza uztartzeko asmoz, lehenengo urratsetatik mantendu izan dute herri kantutegiaren eta propio sorturiko abestien arteko oreka, betiere, lehenengoei interpretazio garaikidea ematen dietelarik eta bigarrenetan pop edo rock estiloko egiturak jorratzen dituztelarik, nazioarteko zein jatorrizko hainbat musika tresna erabiliz”.

Talde indartsua bada ere, tempo leuneko abestiei ere tartea uzten die, intimismoaren zertzeladek kontrastez beteriko errepertorioa janzten dute.

Banoa aurrerapen kanta

Taldeak Banoa aukeratu du diskoaren aurrerapen kanta gisa: “abesti honi nolabaiteko country kutsua aurkitzen badiogu ere, diskoa bere baitan oso anitza da estilo aldetik”.

Zabaldu: