Kilometroak 2023k ‘Egunkariatik Berriara, 20 urte’ astea abiatuko du gaur, Oreretan

Kilometroak 2023ren urteko egitarauaren barruan gogora ekarri nahi izan dute Egunkaria itxi zuteneko gertakaria eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna. “Kilometroak-en urteko mugarrietako bat izango da Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta Berria-ren hasiera gogoraraztea eta euskal gizartean euskarazko egunkariok jokatzen duten rola goraipatzea helburu duen astea”.

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria, euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra, indarrez itxi zuen. Hurrengo egunean, baina, Egunero argitaratzea lortu zuten bertako langileek. Handik eta lau hilabetera, berriz, Berria egunkariak argia ikusi zuen lehenengoz.

Kilometroak 2023ren urteko egitarauaren barruan, gogora ekarri nahi izan dute gertaera hura eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna. “Kilometroak-en urteko mugarrietako bat izango da Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta Berria-ren hasiera gogoraraztea eta euskal gizartean euskarazko egunkariok jokatzen duten rola goraipatzea helburu duen astea”.

Gaur emango diote hasiera Egunkariatik Berriara, 20 urte asteari Egunero behar genuen liburuaren aurkezpenarekin, Oreretako Lekuona fabrikan. Imanol Murua kazetariak idatzi du lana, eta, honetan, Euskaldunon egunkaria itxi eta Berria egunkaria argitaratzen hasi bitartean argitaratu zen Egunero egunkariaren gaineko xehetasunak fin aletu ditu.

Bihar, otsailak 21, berriz, Orereta ikastolako ikasleek hartuko dute lekukoa; DBHko 2. mailako eta Batxilergoko ikasleek propio aztertu dute euskarazko egunkari bakarraren itxiera zer izan zen, euskal prentsak zer garrantzi duen, eta horien berri emanez Egun oro argitalpena argitara emango dute, gaiari buruz ikasi eta hausnartutakoak jasota. 5.000 ale inguru banatuko dituzte.

Asteazkenean, Niessen auditorioan, Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko dokumentala ikusi ahal izango da: Paperezko hegoak. Emanaldi hau Ozzinema elkartearekin elkarlanean antolatu da.

Ostegunean, gaiarekin egindako lanketa osatzeko, herriko hiru txokotan, gaiaz era “artistiko” batean ariko dira hainbat diziplinatako artistak; sorkuntzarekin jantziko dituzte egunkariaren itxierari buruzko gogoetak.

Ekitaldi sorta honi amaiera emateko otsailaren 24an, Kantu bat gara emanaldia eskainiko du Jon Maia bertsolariak, Lekuona fabrikan. Urteotan hainbat talde eta abeslariren letragilea izan da zumaiarra, eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen du. Euskal kulturaren, historiaren, eta identitatearen ikuspegi berezi bat bilatzen du aurkezten duen kantutegiarekin. Kilometroak 2023k landuko dituen hainbat gaiari propio erreparatuko dio Maiak ikuskizunean, eta horrek aparteko izaera emango dio emanaldiari.

Zabaldu: