Kilometroak 2023rako propio sortutako ‘Erriola’ kanta entzungai da jada

Jon Maia bertsolariak sortu ditu Orereta Ikastolak antolatutako Kilometroak jaiaren abestiaren hitzak eta Janus Lester taldeak jarri dio musika.

Gipuzkoako ikastolen aldeko aurtengo jaiak kantua du jada: Erriola. Urriaren 1ean Oreretan egingo den jaiarekin amaituko den Kilometroak urte osoko egitasmoaren leloaren izen bereko kanta da eta dagoeneko audio plataforma nagusienetan (Spotify, iTunes…) entzungai da. Jon Maia bertsolaria arduratu da letraz eta Janus Lester taldea musikaz.

Maiak Oreretari eta Kilometroak 2023ri egokitutako Kantu bat Gara kontzertu berezia eskaini zuen Lekuona Fabrikan joan den otsailean, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urteurrenaren harira, Kilometroak 2023k atondutako Egunkariatik Berriara, 20 urte astearen baitan. Emanaldi gogoangarri hartan urte osoko jaiaren hiru zutabeak izan zituen ardatz bertsolari zumaiarrak: komunitatea, euskara eta errelatoaren bidezko aitortza. Erriola kanta osatzerako orduan ere ildo beretik jarraitzea erabaki du Maiak: “Erriola izanik leloa, euskararen mugimenduaren metaforatzat hartu dut, nola herria biltzen duen beso bat den eta aldi berean batzen duen zerbait. Eta errio horren itsasoa, herri osoa euskaraz ikustearen ametsa”.

Jokin Pinatxo musikari beratarrak gidatzen duen Janus Lester taldeak, bere aldetik, kanta konposatu du. Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (teklatuak), Ane Bastida (baxua), Javier Etxarri (gitarra), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia) eta Jokin Pinatxo (ahotsa) taldekideek, bandaren estiloari fidel, doinu melodiko iradokitzaileak eta dantzagarriak uztartu dituzte. “Beti izan naiz nahiko pertsona melodikoa eta garbi nuen abestietan melodiak izango zuela garrantzi handiena, bai nire ahotsean eta baita bandan ere, izan ere, zazpi pertsonako taldea gara eta bakoitzak izango zituen liniei ere eman nahi nien garrantzi handia. Erriola abestian nahiko nabarmena da melodiak duela pisua, bai nik abesten dudanean bai zati instrumentaletan ere”, adierazi du Pinatxok.

Maiaren eta Janus Lesterren arteko elkarlana erraza eta oparoa izan dela aitortu dute egileek. Pinatxoren arabera, “Jonek lehen ideia bidali zidanetik abestia nahiko azkar atera zitzaidan. Konexioa azkarra izan zen eta oso gustura aritu naiz”.

Taldeak maiatzaren 6ean joko du zuzenean Erriola kanta estreinakoz Oreretako Agirre Lehendakaria plazan (Linon), gaueko 21:30ean, Kilometroak 2023ren egitarauko 12 orduz Erriolan kultur maratoiari amaiera emateko.

Zabaldu: