Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuko dute aurtengo Kilometroak. Batera, bagara, bat gara izango da leloa.
“Jakin badakigu ez direla ospakizun erraldoietarako garaiak; ez, ordea, gogorik ez dugulako, baizik eta egoerak eragozten digulako orain arte ezagutu ditugun ikastolen aldeko ekitaldien modukoak egitea. Egoeraren araberako Kilometroak antolatuko ditugu, beraz”, adierazi dute gaur prentsaurrekoan egin duten agerraldian.
Aurtengo Kilometroak antolatzeko garaian argi izan dute Gipuzkoako Ikastola guztien ekarpena, parte-hartzea eta babesa ezinbestekoak izango direla. “Egoera berezi honi aurre egiteko modu bakarra dela baiteritzogu”.
Historikoki Ikastolen jaiak plaza erraldoiak izan dira euskarari eta euskal kulturari eskaintzeko. Aurtengoa desberdina izango dela azpimarratu dute. “Euskara eta euskal kulturari tokia emango diegu noski, baina baita gure arteko elkarlanari eta parte-hartzeari ere. Gure arteko saretzea indartu, elkarlana bultzatu eta Ikastolen ezaugarriak plazaratzeko aukera ematen duten ekimenak gauzatuko ditugu. Herritik, herriarekin eta herriarentzat”.
Horretarako besteak beste hainbat ekimen nazional jarri dituzte abian: Euskal Herriko Ikastoletan barrena dabilen Liburu Ibiltaria deritzona edo eta 14-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen Euskal Herriko Komiki Lehiaketa. Lehenbiziko bi ekimenak direla nabarmendu dute, gerora ere beste batzuk izango dira.
Leloari dagokionez Batera, bagara, bat gara izango da: Batera, Gipuzkoako ikastolek elkarrekin antolatuko dutelako. “Ikastolen batasuna adierazten du eta ez soilik Gipuzkoakoarena, baizik eta Euskal Herri osokoarena”. Bagara, “gure izatearen aldarrikapena, eta batasunaren ezinbestekotasuna ere adierazten du. Batera bagara, bestela ez gara”. Azkenik, Bat gara, “gure izatearen osotasuna eta zati ezintasuna adierazten du. Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara”.
Goierriko ikastolen arteko harremanak sendotzeko
Aurtengo Kilometroak jaiaren helburu nagusia da “Goierriko ikastolen arteko harremanak sendotzea, orain arte bezala, herriari begirako proiektu bat sustatzea. Eta bertan, gure ikasleek, langileek eta familiek dagoeneko iritsi den aro berri honi erantzun partekatu bat indarrez ematea, mende hasieran ikastolak sortu zirenean bezala, eta Kilometroak lehenengo aldian antolatu zirenean bezala”.
1977an lehenengo Kilometroak jaia izan zen Beasainen, eta 2001ean ere bertan egin zen, Ordizian, berriz, 1993an egin zuten, eta 2003an Lazkaon. “Berriro ere lekukoa iritsi zaigu, baina urte berezi honetan maratoian aurrera egingo dugu Goierriko hiru ikastolek batera, bagarela eta bat garela elkartasun osoz. Beraz, modu xume batean, gure esku dagoena egingo dugu unean egoerak uzten diguna kontuan hartuz eta ditugun baliabideei eutsiz”.