Ibarrako Uzturpe ikastolak jaso du datorren urteko Kilometroak antolatzeko lekukoa.
Atzoko eguraldiak lagundu ez bazuen ere, Beasaingo ikastolak, Lazkaoko San Benitok eta Ordiziako Jakintzak Gipuzkoako ikastolen jaia ospatzeko prestatuta zituzten ekintza gehienak aurrera eramatea lortu zuten. “Goazen! ikuskizuna izan zen bertan behera utzi behar izan genuen bakarra, baina hura beste egunen batean berreskuratzeko bideak aztertzen ari gara”, adierazi dute.
Kilometroaken antolakuntza pozik azaldu da atzoko egunak eman zuenarekin, eta pozik dago ere jendearen erantzunarekin. Egoera bereziaren ondorioz, edukiera mugatua izan zuten egun honetarako prestatuta zituzten ekintzek, eta guztietan jende askok hartu zuen parte.
Egunean bertan jaiak izan ohi duen dimentsiora iristeko aukerarik ez zutela izango aintzat hartuta, hilabete honetan zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bat gea izenarekin, bertsoa, musika eta dantza uztartu dituzten ekitaldiak. “Gure jaiak euskarari eta euskal kulturari eskainitako bozgorailu eta plaza izaten jarrai dezan beste modu bat ireki dugu, eta gustura gaude emaitzarekin”, azpimarratu dute.
Ikastola antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete jai handi hau prestatzen eta aurrera ateratzen aritu diren guztiei. “Auzolana eta elkarlana orain ere agerian geratu dira Goierrin. Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita ere, Kilometroak jaira hurbildu ziren guztiei, haiei eskainiak baitziren programatuta genituen ekintzak”.
Kilometroak aurrera ateratzeko Goierriko hiru ikastolen artean egindako elkarlanak “gure hiru komunitateen arteko ezagutzan sakontzeko eta harremanak estutzeko balio izan digu eta bide polit bat erakutsi digu etorkizunean ere elkarrekin gauzak aurrera ateratzeko. Horixe da ikastola bezala Kilometro hauen antolakuntzak utzi digun altxor nagusia”.
“Zortea, adorea eta elkarlanerako grina opa diegu Ibarrako Uzturpe ikastolako komunitateko kide guztiei, haiei dagokielako datorren urteko Kilometroak jaia antolatzea. Arrakastatsua eta dituzten helburuak lortzeko modukoa izan dadila datorren urtekoa ere! Gure artean izan genituen, atzo, ikastola horretako ordezkari batzuk, eta erakutsi ziguten ilusioa eta lanerako gogoa seinale onak dira helburu horiek lortzeko”.
Atzo Goierrin bezala, bi aste barru Lizarran izango da ikastolen jaiak ospatzeko hurrengo hitzordua, Nafarroa Oinezen.