(argazkia: San Telmo Museoa)

Kimia Kamvari artistaren ‘Alef ‘erakusketa paratu dute Donostiako San Telmo Museoan

Erakusketa museoko Laborategia aretoan ikusgai izango da otsailaren 5era arte doako sarrerarekin

Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) da aurten Artea abian proiektuan parte hartzen ari den artista, aurreko bi edizioetan Nagore Amenabarrok eta Oier Iruretagoienak bere lanak aurkeztu ondoren. 2019 urtean sinatu zuten Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak bi erakundeen arteko elkarlana estutzeko akordioa, eta bertan jasotzen zen Artea Abian erakusketa programa. Sorkuntza garaikideari ematen zaio protagonismoa honen bitartez, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta horrela, Kamvariren lanak ikusteko aukera izango da aurten Alef titulua duen erakusketan.

Erakusketa bi zatitan egituratzen da. Lehenengoan, hondoratze dolinetan oinarritutako argazki serie bat aurkezten da. Artista 2019an hasi zen argazkiak ateratzen Irango lautadan zehar. Serieak lurraren lehortasunak tamaina desberdineko zuloak eragiten dituen fenomeno geologiko honen 73 argazki biltzen ditu. Artistak azaldu duenez, “narrunbe horiei kamera estenopeiko batekin argazkiak ateratzea erabaki izanak areagotu egiten du dolinei begiratzeko ekintza: gertakari fotografikoa gertakari geologikoari eransten zaio”.

Erakusketaren bigarren zatia zuhaitz baten inguruan egituratzen da, zumearen inguruan. Zuhaitz horren materialtasuna 80 kilo zume-egurreko egur-ikatzaren bidez ikus daiteke aretoan, eta haren irudikapena, berriz, hainbat marrazkitan. Horien artean bat nabarmentzen da, museoko bildumako ikatz-zirizko arkatz bakarrarekin marraztu dena.

Alef persiar, arabiar eta hebreerazko alfabetoaren lehen letra da, eta El Aleph ere Borgesen ipuin ezaguna da. Letra gisa eta elementu narratibo gisa, Alefek hasiera sinbolizatzen du, aukera amaigabeak biltzen dituen energia. Alef Azadi hitzaren lehen letra ere bada (Irango azken asteetako protestetan entzuten den Zan, Zendegi, Azadi -Emakumea, Bizitza, Askastasuna- leloaren parte da).

Erakusketa Laborategian izango da zabalik 2023ko otsailaren 5era arte, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.

Zabaldu: