Kimuak 2020ra aurkezteko epea zabalik

Kimuak egitasmoaren 2022ko lehiarako filmak aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte.

Etxepare Euskal Institutuak Kimuak programaren 2022ko lehiarako filmak aurkezteko deialdia zabaldu du. Etxeparek berak antolatu eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen duen egitasmoak euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Deialdi honetan hautatzen diren film laburrak Kimuak izenpean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2019ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik Bizkaia, Araba edo Gipuzkoan erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko modu komertzialean estreinatuak izan diren edota telebistaz, Internet bidez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

“Bizi dugun salbuespenezko egoera dela eta, Kimuak-ek beretzat gordetzen du oinarrietan aldaketak egiteko aukera”, jakinarazi du Etxeparek. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa hemen.

Zabaldu: