Kimuak programaren 2023ko ediziora film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 8ra arte egongo da zabalik. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com webgunean daude eskuragarri.
Etxepare Euskal Institutuak Kimuak programaren 2023ko lehiarako filmak aurkezteko deialdia zabaldu du. Etxeparek berak antolatu eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen duen egitasmoak euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Deialdi honetan hautatzen diren film laburrak Kimuak izenpean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.
Antolakuntzak azaldu duenez, “aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2022eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira”.
Bestalde, iazko berrikuntza mantenduz, Euskal Hirigune Elkargokoez gain, Nafarroako euskarazko film laburrak ere onartuko dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan ahal izango dira.
Film laburrek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute. Zinemaldi baten testuinguruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.
Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com webgunean daude eskuragarri.