Ipar Euskal Herriko konpainiak bidaia bat proposatzen du haurren irudimenaren unibertsora.
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artium Museoan, Kiribil konpainiak emanaldi bat izango du larunbatean, martxoak 15, 17:00etan
Haurrei zuzendutako Amarauna programaren baitan, Kiribil konpainiak ‘Sableak’ ikuskizuna aurkeztuko du martxoaren 15ean, larunbata, arratsaldeko 17:00etan. Antolatzaileen esanetan, “txikienen eta haien laguntzaileen gozamenerako euskarazko ikuskizun intimista eta zaindua da”. Amarauna programako jarduera guztiak bezala, saio hau ere doakoa izango da eta aldez aurretik izena ematea komeni da 945 20 90 20 telefonora deituz.
Ikuskizunak ahotsa eta musika uztartzen ditu, publikoa haurren irudimenaren lurraldera eramanez. Konpainiako kideen hitzetan, “Sableak haurrek beren ingurunearekin, sentsibilitate naturalarekin eta munduarekiko sentsibilitatearekin duten harreman ludikoa eta sortzailea ospatu nahi duen kantua da”. Pertsona heldu batek antzezten du Sable haurraren pertsonaia. Horrela, Kiribilek “ikusleei erakusten die adinekoak ez daudela haurtzarotik hain urrun, eta oraindik ere errugabetasun izpiak gordetzen dituztela beren baitan. Sable adi egon ohi den pertsonaia da, ikertzen duena, aspertzen dena, barre egiten hasten dena, ipuinak asmatzen dituena, munduak sortzen dituena”.
Kiribil Konpainia
Haurrei zuzendutako konpainia eszenikoa da Kiribil, eta Senperen du egoitza. 2012an sortu zuen Amaia Hennebutte haurrentzako liburuen ilustratzaile eta konpainiaren zuzendari artistikoak, eta, lehen ikuskizunetatik, haurtzarorako lan egin du, adin horri dagozkion beharrak errespetatuz, eta haiek munduari begiratzeko duten modu berezia goretsiz. Konpainiak harreman estua du beste talde batzuekin, eta nabarmentzekoa da Gasteizko Teatro Paraiso konpainiarekin duen lotura, askotan lan egin baitute elkarrekin.
Amarauna programan
Kiribil Konpainiaren emanaldiaz gain, Naita Antzerki Taldearen Naita kontu eta kanta kontzertu animatua eta Mover el común dantza komunitarioko topaketa bat eskainiko ditra datorren ekainera bitartean Amarauna programan.