Eusko Ikaskuntzaren arabera, Ondarroako idazlea “euskal literaturaren berritzaile nagusietako bat da XXI. mendean eta nazioarte mailan euskara eta euskal kulturaren enbaxadore argia da”.
Kirmen uribek eraman du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek, baita Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariek ere.
Epaimahaiak azpimarratu duenez, “gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira Uriberen lana eta nortasuna. Eta umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura-komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko. Haren lanak izaera humanista eta irekia du, eta bertan kontzientzia globala eta etikoa antzematen dira, zentzu kritikoa eta ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua”. Gainera, epaimahaiak balioan jarri nahi izan du “geuretik” idazten duela eta bere mundu-ikuskera guztiz euskalduna dela. Azpimarratzekoa bada ere bizikidetzaren eta berdintasunaren alde egiten duen lana.
Haren lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bere ospea Txina edo Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan. Unibertsitateko 500 bat ikasketek bere obraz hitz egiten dute. Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola poesia, saiakera, haur eta gazte literatura, musika baita arte plastikoak ere.
Gaur egun Estatu Batuetan bizi da. Irakasle aritzen da zenbait unibertsitatetan, errezitalak eskaintzen ditu eta nazioartean hedapena duten literatura-aldizkarietan ematen ditu argitara bere lanak, besteak beste, The New Yorker eta The Paris Review aldizkarietan. Iowako unibertsitateak nazioarteko idazleentzat duen IWP (International Writing Program) programarako hautatu zuten 2017an, eta 2018an, berriz, New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman beka ospetsua eskuratu zuen.
Irabazitako sarien artean daude Kritikaren Saria (2002an, 2009an eta 2016an), Espainiako Literatura Sari Nazionala (2009), 111 Akademiaren saria (2016), eta Bitartean heldu eskutik poema-liburua finalista izan zen Estatu Batuetan argitaratutako poesia-itzulpen onenaren sarian, 2007an.