Klasikoen Irakurketa jarraituan Anjel Lertxundiren ‘Otto Pette’ irakurriko dute

Ikasleon Jaia ospakizunaren barruan, Bilbo Zaharra euskaltegiko kideek Anjel Lertxundiren  Otto Pette  liburuari eskainiko diote etenik gabeko irakurraldia datorren ostegunean, Arriaga antzokian. Idazleak 1994an argitaratu zuen eleberria eta ekimenaren antolatzaileek liburuak euskal prosari egindako ekarpena azpimarratu nahi izan dute, eta egileari berari ere ondo merezitako omenaldia egin. Lertxundi “egungo euskal idazle nagusienetakoa” dela adierazi dute.

Irakurketa jarraituaren 12. edizio hau 08:00etatik 20:00etara izango da eta 400 lagun baino gehiagok hartuko dute parte. Horien artean euskaltegiko ikasleek eta euskal kultura zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako hainbat lagun ospetsuk.

Aurreko urteetan, Axularren Gero, Juan Antonio Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren % 100 basque eta Txomin Agirreren Kresala irakurri zituzten.

Zabaldu: