Klasikoen Irakurketa jarraituan Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ irakurriko dute

Ezagutzen den euskaraz idatzitako libururik zaharrena da Etxeparerena.

Ikasleen Jaia ospakizunaren barruan, Bilbo Zaharra euskaltegiko kideek Bernat Etxepareren  Linguae Vasconum Primitiae (1545) liburuari eskainiko diote etenik gabeko irakurraldia, datorren ostegunean, ekainak 3, Arriaga antzokian. Ekimenaren helburuak dira “euskal kultura herritarren artean sustatzea eta prestigioa ematea, eta bestetik, gure ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina nolabait saritzea. Irakurketa eta jaia. Konbinazio bitxi samarra dirudien arren, ez da hain harritzekoa. Gero eta ikasle gehiago dago euskal literaturaz gozatzen duena eta klasikoak irakurriz ongi pasatzen duena. Jai horren bitartez, gizartearen alor guztietako ordezkarien partaidetzarekin, gure esker ona adierazi nahi diegu ikasleei. Ikasleek ikasturtean zehar gogotik egiten dute lan, eta haren amaieran, ospakizuna eskaini nahi diegu merezitako sari gisa”.

Irakurketa jarraituaren 14. edizio hau goizetik eguerdira izango da eta 200 lagun baino gehiagok hartuko dute parte. Horien artean euskaltegiko ikasleek eta euskal kultura zein gizarteko hainbat lagun ospetsuk.

Aurreko urteetan, Axularren Gero, Juan Antonio Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren % 100 basque, Txomin Agirreren Kresala Anjel Lertxundiren Otto Pette eta Mariasun Landaren ipuinak irakurri zituzten.

Aurten aukeratutako liburua Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae izanik, euskaraz idatzitako lehen liburua izatearen garrantzia nabarmendu du antolakuntzak, eta poesia herrikoiaren eredu izatea ere azpimarratu du.

Zabaldu: