(argazkia: GFA)

Kobazuloen Eguna ospatuko dute bihar Ekainberrin

Bisitak ilunpetan egingo dira, zuziak diruditen linternak eta kobazuloak argiztatzeko erabiltzen ziren gantz lanparak erabiliz.

Bihar, martxoak 16, Kobazuloen Eguna ospatuko dute Gipuzkoan Ekainberrira bi bisita gidatu eginez. Horretarako, duela 14.000 urteko historiaurreko gizakiaren larruan jarriko dira bisitariak, eta bisitak ilunpetan egingo dira, zuziak diruditen linternak eta kobazuloak argiztatzeko erabiltzen ziren gantz lanparak erabiliz. Bisitak 13:00etan egingo dira gaztelaniaz eta 17:00etan euskaraz.

Lurpea elkarteak Euskal Herriko zortzi kobazulo biltzen ditu, horien artean Ekainberrikoa, eta Kobazuloen Egunaren XIV. edizioa antolatu du. Ospakizunarekin bat eginez, prezio erdian jarri ditu Ekainberrirako sarrerak, eta larunbateko bisitari guztien artean bonuak zozkatuko dira, elkartutako zortzi kobazuloak bisitatzeko eta bi pertsonentzako egonaldi baterako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatu Goizane Alvarezek prentsa ohar batean adierazi duenez, “ospakizun handia izango da”, eta Ekainberrira hurbiltzen diren pertsonek bizi izango duten esperientzia “harrigarria” nabarmendu du. Bertan, Paleolitikoaren argiztapena birsortuko da, zuziei, sutegiei eta gantz lanparei esker gure arbasoak nola bizi ziren esperimentatu ahal izateko. “Funtsezko” elementu izan ziren, sua menderatzea lortu zuten arte ezin izango baitziren kobazuloetan artearen moduko jarduerak garatu. Zuzi horiek gabe, duela 14.000 urte ezin izango zituzten Ekaingo zaldiak margotu, janaria prestatu, basatiak uxatu, ez eta kobazuloen sakonera iritsi.

Alvarezen ustez, “Ekain euskal kulturaren munduko adierazpen kultural gorena da, Gipuzkoan bisitagarria den bakarra, altxor bat da eta bisitatzea merezi du”. Bere arabera, “ondare garrantzitsu bat denez, Ekain eta Ekainberri kontserbatzeko eta babesteko erantzukizuna dugu gipuzkoarrok”.

Larunbateko esperientziarekin, gainera, labar-pinturak miresteko aukera izateaz gain, gure Historiaurreko arbasoen bizitzan eta ohituretan murgiltzeko aukera ere izango dute bisitariek.

Zabaldu: