(Arabako Aldundia)

Koldo Mendazaren ‘Ezin da itsasoa karratu batean sartu’ erakusketa ikusgai Gasteizen

Artista bisual eta Arte eta Lanbide Eskolako irakasleak zuri-beltzeko 50 argazki eta ikus-entzunezko pieza bat erakutsiko ditu martxoaren 27ra arte.

Gasteizko Amarika Aretoak martxoaren 27ra arte hartuko du bere baitan Koldo Mendaza artistaren Ezin da itsasoa karratu batean sartu erakusketa. Honetan, zuri-beltzeko 50 argazki eta ikus-entzunezko pieza bat ikusi ahal izango dira.

Erakusketa proiektua hizkuntza aniztasunaren analisia da. “Argazki bat testu bat balitz bezala irakurri daiteke? Ikus, begiratu edo imajina daiteke testu bat argazki bat balitz bezala?”, Mendazak baietz uste du, are gehiago, “irudi horiek begiratuak baino gehiago irakurriak izan nahi dira”, dio artistak.

Erakusketa lau kontzepturen inguruan ardazten da: Begiratzea, Ulertzea, Partekatzea, Ezagutaraztea. Erakusketaren oinarria “denbora” kontzeptua dela dio artistak, “gertaerek iraun duten denbora aldaezin gisa”. Kasu horretan, prozesua emaitza bezain garrantzitsua da Mendazarentzat. Materialak aukeratzeak eta prozesatzeak (argi gorria, kimikoen usaina, bakardadea laborategian…) liturgia batera eramaten dute, eta horrek zuzenean komunikatzen du ekoizten duen obrarekin.

Mendazak erakusketa askotan parte hartu du banaka eta taldeka. Bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu, besteak beste, XXI. San Prudentzio Argazki Lehiaketa Nazionaleko ohorezko saria edo sari erosketa Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Plastikoen II. Urteko Lehiaketan. 2018an, Piko Zuluetarekin batera, A cámara lenta argazkilaritza estenopeikoko liburua argitaratu zuen.

Zabaldu: