'Nora' filma: Lara Izagirre eta Ane Pikaza

Koldo Mitxelena kulturuneak ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroa antolatu du

Iciar Bollain, Lara Izagirre, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonas Trueba zinemagileek hartuko dute parte. Bost saio ireki izango dira, zinemazaleentzat zein ikasleentzat. Egitasmoa urtarrilaren 14an hasi eta apirilean amaituko da.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak Zinemagileen arteko elkarrizketak ikastaroa antolatu du, zinemazaleari film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaintzeko asmoz. “Ikastaro honetan, zinema sorkuntzaren barne historia ezagutzeko aukera izango dugu, elkarrizketa formatu atsegin batean”, azaldu du antolakuntzak.

Ikastaroan hileroko saio bat egingo da urtarrila eta apirila bitartean. Zinemagile bakoitzarekin batera, arlo batean edo bestean laguntzaile izan ohi duen pertsona bat ere egongo da. Izan ere, “proiektu zinematografiko batean, begirada artistikoa zuzendariarena izaten den arren, gidoiak, ekoizpenak, filmaketak eta postprodukzioak ere berebiziko garrantzia izaten dute”, azaldu dute. Hori dela eta, “zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak ikuspegi artistikoak aurkeztuko dizkigute, “laneko materialak erakutsiko dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak”.

Urtarrilaren 14an abiatuko da ikastaroa Lara Izagirre zinemagilearekin eta Paula Olaz konpositorearekin. Musikaren ikuspegitik aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egingo dute.

Otsailaren 8an, berriz, Iciar Bollain bere ohiko produktore Koldo Zuazuarekin arituko da solasean. Maixabel filma abiapuntu hartuta, bere ibilbidea aztertuko dute eta proiektuak elkarrekin nola eraikitzen dituzten azalduko dute.

Otsailaren 18an, Carla Simon zinemagile katalanaren eta Ana Pfaff muntatzailearen txanda izango da. Lankideak izateaz gain, Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kideak dira. Verano 1993 filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta haren ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.

Martxoaren 4an, Jonas Trueba zinemagileak eta Javier Lafuente ekoizleak hartuko dute parte eta Quién lo impide azken film luzean jarriko dute arreta. Bost urtez aritu dira proiektu horretan lanean, eta Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofizialean estreinatu zen.

Azkenik, apirilaren 8an, Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peña Antidisturbios telesailaren sortzaileek zineman zein VOD plataformetan lan eginez azken hamarkadako filmografia sendoenetako bat eraikitzera eraman dituen lankidetza zabalaren nondik norakoak erakutsiko dituzte.

Saio guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian. Ikastaroaren helburua da zinemagilearen begirada bakar hori erdigunetik kentzeaz gain, proiektu baten garapenean parte hartzen duten lanbide tradizionalenak ezagutaraztea, eta, ondorioz, zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikastea, norabide guztietan aldatzen ari den testuinguru batean.

Zinemagileen arteko elkarrizketa ikastaroa aurrez aurre eta online eskainiko da. Bi kasuetan, interesa duenak aldez aurretik eman beharko du izena, urtarrilaren 10a baino lehen, honako helbide honetan: programazioa@gipuzkoa.eus.

Zabaldu: