Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. Aurtengo Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute irabazlea.
Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute Sormen Beka Daren zortzigarren edizioa.
Aurtengo deialdian, komiki proiektu bat sarituko da eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, “jatorrizko sormen lana izan beharko da; hitzak dituen sormen-lana bada, euskaraz izan beharko da; lana esku-hartze artistikoa izango da edozein diziplina edo diziplina arteko uztarketatik sortutakoa: piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa…; esku-hartze artistikorako gaia Euskara Jendea izango da; eta sorkuntza lana bera eta emaitza nola plazaratuko den jaso beharko dira proposamenean”.
Bekaren saria 15.000 eurokoa izango da proiektua aurrera atera ahal izateko. Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, gaia transmititzeko ahalmena, Durangoko Museoak eskaintzen dituen espazioetara egokitzeko gaitasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira irabazlea aukeratzeko kontutan hartuko diren irizpideak.
Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik eta epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 60. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2026ko Durangoko Azokan (61. DA) aurkezteko.
Deialdi berriari buruzko informazioa eta oinarriak, hemen.