Konektatzeko, pentsatzeko eta sortzeko gunea Bilbon

Bilboko Alondegiak birplanteatze prozesu bat egin du, errealitate garaikidera egokitzeko. Hala, mediateka zerbitzu tradizionalen liburutegi bat izatetik liburutegi garaikide bat izatera igaroko da.

Bilboko Alondegiako Mediateka 2010ean inauguratu zen, eta, urtero, milioi erdi pertsona baino gehiago igarotzen dira bertatik. Zentroak birplanteatze prozesu bat egin du, errealitate garaikidera egokitzeko, egunerokoan izandako bilakaerarekin bat etorriz eta zentroaren Proiektu programa txertatuz. Zerbitzu tradizionalen liburutegi batetik liburutegi garaikide bat izatera igaroko da, publiko, formatu, erabilera eta jarduera mota berriei irekia.

Mediatekak balio anitzeko gune berriak sortzen ditu, taldean lan egiteko eta belaunaldien artean jardunez ikasteko, kultura praktika, prozesu eta esperientzia gisa bizitzeko. “Konektatzeko, pentsatzeko eta sortzeko gunea, ikasteko, irakurtzeko, sortzeko, lan egiteko, pentsatzeko, ezagutzeko eta aurkitzeko lekua”, nabarmendu dute.

Diseinuak hainbat gune ditu, programazioari bide emango dion espazioan. Gainera, Artxiboa eta zentroko argitalpenak bilduko dira eta ikerketa sustatuko da. Ez bakarrik artxibatzeko eta zaintzeko ideiarekin baita ikertzeko ideiarekin ere.

Prozesu horretan sartzen da funtsak birplanteatzea, bilduma bibliografikoa Proiektu Programaren sei ildo estrategikoetan egituratzeko: arte garaikidea, zuzeneko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, gizartea, kultura digitala eta literatura. Lerro horiek guztiek elkarrekin hitz egiten dute, Mediatekan programazio hedatua sortuz.

“Proiektu bizia da, garatzen ari dena, gizartearen eguneroko aldaketetara egokitzeko”, adierazi dute. Prozesu horretan, Mediatekak publiko-komunitateen entzute aktiboko talde bat egin du, Entzun izenekoa, pixkanaka gauzatzen ari dena. Prozesuan, 40 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte, hala liburutegien mundukoek, nola kulturaren kudeaketa, argitaletxeen industria eta arte-sorkuntzako beste gune batzuetakoek. Entzun taldeak bide eman zuen parte-hartzaileek beren ideiak eta ametsak

Mediatekan hitza eta literatura hartzen dira literatura-adierazpide gisa, beste arte-adierazpen batzuei dagokienez, eta pertsonen arteko komunikazioaren eta elkarrekintzaren oinarri gisa, komunitateak sortzeko lagungarri. Ildo horretan sartzen dira ilustrazioaren inguruko jarduerak, tailerrak eta egonaldiak; eleberri grafikoa eta komikia; ahozko poesia; irakurketa-klubak; egileekiko topaketak; eta abar.

Eduki digitalen alde egiten dugu (erreferentzia-lanak, prentsa, streaming-a, liburu elektronikoak, audio-liburuak, podcast-ak, filmak eta dokumentalak…). Ekarpena egiten jarraituko dugu, ELiburutegian eta EFilm-en, Euskadiko liburutegi digitalean”, adierazi dute.

Zabaldu: