Lehen edizioan Karlos Aretxabaletak irabazi zuen

Kontaketa Erotikoen Lehiaketa abian da

Abenduaren 31ra arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik eta 2022ko martxoan jakitera emango dituzte irabazleen izenak.

Kontaketa Erotikoen Lehiaketak pasa den urtean izan zuen bere lehen edizioa eta haren arrakasta ikusita, bigarren edizio hau abiatzea erabaki dute Kaixomaitia.eus atariko kideek eta Elkar argitaletxeak.

Azaldu dutenez, pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualarekin dituzten orotariko gaiak, nahiz kontaketa edo ipuin erotiko laburrak aurkeztu ahal izango dira. “Sinetsita baitago euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak direla euskarazko edukiak sortzea eta sarean ere zabaltzea”.

Lanak abenduaren 31ra arte bidali ahal izango dira eta datorren urteko martxoan jakitera emango dituzte irabazleen izenak. Antolatzaileek iragarri dutenez, “sari ekonomiko garrantzitsuak” jasoko dituzte irabazleek.

Lehiaketan parte hartzeko lanak inprimaki bidez bidali beharko dira, helburu horretarako Kaixomaitia.eus atarian egokitutako webgunean. Partehartzaile bakoitzak nahi dituen beste lan aurkezteko aukera izango du eta kontaketen luzera 6.000 eta 20.000 karaktere artekoa izan beharko da. Idazlanak euskaraz idatziak eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dira.

Epaimahaiari dagokionez, Dorleta Kortazar ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal idazle eta editoreak eta Iñigo Arandia Kaixomaitia atariko kudeatzaileak osatuko dute. Hiru epaimahaikide hauek zortzi finalista aukeratuko dituzte jasotako lan guztien artean. Ondoren, aukeratutako lanak atariko harpidedunen artean baloratuko dira. Bukatzeko, balorazio hauei epaimahaikideen azken balorazio bat gehituko zaie, eta orduan zehaztuko dira hiru saridun nagusiak.

Kaixomaitia.eus 2007an sortu zen euskaldunon harremanetarako webgune gisa, eta gaur egun mota honetako euskarazko bakarra izaten jarraitzen du.

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu: