Euskara eta hizkuntz eskubideak errespetatuko dituen geroa eraikitzen hasteko urgentziako neurriak jasotzen ditu adierazpenak, euskalgintzak duin aurrera egin dezan beharrezkoak.
Kontseiluak agerraldia egin du gaur, Donostiako Aquariumean. Bertan, euskalgintzak alarma egoera gainditu eta aurrera egin dezan beharrezkoak diren urgentziako neurriak iragarri ditu. “Oraindik ez dakigu COVID-19aren eragina zenbatekoa izango den, ezta zer nolako bilakaera izango duen ere. Dakiguna da krisi honek agerian utzi dituela gure gizartearen gabeziak, eta, ondorioz, zaurgarrienak eta gutxitutakoak izan direla kaltetuenak”, adierazi dute. Hizkuntza-eskubideen kasuan beste hainbeste gertatu dela diote: “euskal hiztun komunitateon eskubideak zapalduak izan dira ustezko berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, eta euskalgintzarekiko erakundeen babes falta are begi-bistakoagoa izan da”.
“Argazki kezkagarri horrek”, baina, bestelako bideak urratzeko aukera ekar lezakela adierazi du Kontseiluak: “gizarte berdizaleago eta kohesionatuago baten aldekoa”. Kontseiluak ez du aukera hori galdu nahi.
Azken aste hauetan hainbat bilera egin ditu Kontseiluak bere bazkide eta bestelako euskalgintzako kideekin (Elkar, Elhuyar, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Sortzen, Bertsozale Elkartea…). Hala, krisiak sortu dituen kalteak neurtu, eta horiei aurre egiteko urgentziazko neurriak identifikatu ditu. Guztiak daude jasota Euskal Herriko erakunde publikoei helaraziko zaien dokumentuan, eta nagusienak bildu dira gizarteratu berri duten Geroa Euskaratik adierazpenean. Azken batean, bestelako etorkizuna eraikitzeko lema izan nahi baitu.
“Urgentziazkoak diogu, ulertzen baitugu krisiari aurre egiteko talka-planaz ari garela, epe motzean aplikatu edo abian jarri beharreko neurriez”, zehaztu du adierazpenean Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, eskakizun ekonomiko konkretuak baino haratago doazen neurriak jasotzen ditu adierazpenak: bide berriak urratzen hasteko erabaki eraikitzaileak eta egingarriak dira proposatutakoak.
Adierazpenean azaltzen dira. Baina, esaterako, irakaskuntzan hizkuntza gaitasuna ikasle guztiei bermatzeko murgiltze eta mantentze ereduetan sakontzen hasteko neurriak eskatzen dira. Baita hizkuntza irizpidea gailenduko den aisialdirako ekimenei bultzada ematea ere. Helduen euskalduntzearen kasuan, bestetik, doakotasuna helburu izanik, horretarako urratsak ematen hastea ere eskatzen du adierazpenak. Euskarazko sortzaileen lana aitortzeko eta babesteko araudi propioa ere lantzen hastea ezinbestekotzat jotzen da, eta krisi honek hain nabarmen utzi duen baliabide teknologikoen hutsunei ere heltzea proposatzen du, besteak beste.
Guztiak ere lehenbailehen hartu beharrekoak direla uste du Kontseiluak. Bereziki erakunde publikoek hartu behar dituzte, krisiak sortu dituen kalteei aurre egiteko, hizkuntza-politikak birpentsatzeko eta etorkizun hobea eraikitzeko giltzarri direlako. “Hurrengo 100 egunak garrantzitsuak izango dira gobernuen aldetik egoera honi erantzun ahal izateko zer neurri hartuko diren. Norabide horretan hainbat proposamen aurkeztuko dizkiegu EAEko eta Nafarroako gobernuei, arloz arlo normalizaziorako norabidean egoera berezi honetan behar diren premiazko neurriak hartzen has daitezen”, zehaztu du Bilbaok.
Era berean, bestelako gizarte eragileei ere elkarlanerako deia egin die Kontseiluak, ildo berean joango diren adostasun zabal eta berriak lortzeko. Adierazpena kokatzen den Geroa euskaratik dinamikak dioen moduan, elkar hartuz eta elkar zainduz soilik lortuko baitugu hizkuntz politika berriak eta berdinzaleagoak sortzea. “Ohartzen gara epe eta garai estuak datozkigula, baina horregatik ere, geroa euskaratik eraikitzeko, aldaketak egiteko baliatu behar dugu egoera hau. Gaur bertatik hasita dugulako jokoan geroa”.
Adierazpena hemen.