Talde gernikarrak inoiz baino ozenago kantatu zuen larunbatean, bere azken zuzenekoan. Taldekideak negarrez ikusi genituen, irribarrez, topa egiten eta hunkituta ‘Agur esan barik’, behin betiko agur esaten.
Gatibu taldeak 25 urteko ibilbidea itxi zuen larunbatean Barakaldoko BECen eman zuen zuzenekoan, Agur esan barik birako azkena. “25 urte errepidean: izerdia, barreak, oihuak agertokitik eta milaka eztarri batera kantari. 25 urte sentitzen genuenari eta esaten ez genekienari hitzak eta doinuak jartzen. Larunbatekoa ez zen kontzertu bat bakarrik izan. Zaleei emandako eskerrik beroena izan da. Atzera begiratu eta elkarrekin eraiki den guztia ikustea da. Amaiera datorrela onartzea da… baina bizitakoa betiko mantenduko da”, adierazi du hiruko bizkaitarrak.
Alex Sardui, Haimar Arejita eta Gaizka Salazar hainbat musikariz inguratuta egon ziren emanaldia iraun zuen ia hiru orduetan: Bengo izan zen horietako bat, taldearen esanetan “orainari eta etorkizunari ahotsa jarriz”; Tom Lizarazu (Bulego), berriz, “taupadaka jarraitzen duen emozio baten oinordekoa”; Laka, “lehengo gitarra jotzailea, etxera itzultzen”; Leire Martinez, “energia hutsa, egia hutsa”; Itziar Ituño, “iragazkirik gabeko emozioa, azala eta arima”; Niko Etxart, “gure musikaren oroimen bizia”; Mariatxiak, “batzuk Puro Relajokoak, festa negarraren mugara eramaten”; Iñaki Plaza, “bihotzera zuzenean hitz egiten duen trikia”; eta Ross Dantza Eskola, “sentitzen dugun guztiari gorputza eta dantza jartzen”.
Talde gernikarrak nabarmendu duenez, “gonbidatu bakoitza kapitulu bat da. Abesti bakoitza, bizitza bat. Akorde bakoitza, oroitzapen partekatu bat. Larunbatean ozenago abestu genuen, bagenekielako azkena zela. Negar egin dugu ezkutatu gabe. Irribarre egin dugu korapiloa eztarrian dugula. Eta azken argia itzaltzen denean, ulertuko dugu Gatibu ez dela joaten: gutako bakoitzean geratzen dela. Eskerrik asko 25 urte hauetan islatutako egiagatik. Eskerrik asko, denagatik. Eskerrik asko betiko. Agur, Gatibu. Betirako gure bihotzetan”.