Korrika Munduan Euskal Herritik kanpo antolatzen diren Korrika herrikoiak dira, bertako euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek eta laguntzaileek sustatuak. Formatu txikiagoan izan arren, esanahi handiko ekimenak dira: euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dute, eta diasporako euskaldunak saretu.
24. Korrikak hizkuntza komunitatea ekarri nahi du lehen lerrora eta horretarako Korrika Munduan ekimena jarri du martxan. “Euskal Herritik harago, munduko txoko askotan antolatzen diren Korrikek helburu bera dute: euskara ikusaraztea, euskal komunitatea aktibatzea eta hizkuntzaren aldeko aldarria plazara ateratzea, kilometroz kilometro. Era berean, munduan barrena,
Gainera, Etxepare Institutuarekin elkarlanean, bideo-lehiaketa antolatu dute eta munduko Euskal Etxeek eta nazioarteko unibertsitateetako irakurletzek hartuko dute parte. Bestalde, AEK-Korrikak mezu bat zabaldu nahi du munduko bazter guztietan, eta, horri begira, ahalik eta hizkuntza gutxiagotu gehienetara itzuli nahi du. Munduan zehar antolatutako Korriken informazioa, hemen.
Diasporatik euskarari bultzada
Munduan zehar milaka pertsona ari dira euskara ikasten eta erabiltzen. “Korrika Munduan ekimenek indartu egiten dute komunitate hori, ikusgarritasuna emanez eta elkartzeko aitzakia paregabea eskainiz. Askotan, Korrika Munduan urteko hitzordu garrantzitsuena bihurtzen da bertako euskaltzaleentzat”, adierazi dute sustatzaileek.
Gainera, ekimen hauek zubi lana egiten dute: Euskal Herria eta munduko euskal komunitateak lotzen dituzte, sentimendu partekatua elikatuz. “Lekukoa eramateak sinbolikoki adierazten du hori: hizkuntza bat herriz herri ez ezik, herrialdez herrialde ere pasatzen dela”.
Azken urteotan Korrika Munduan ekimenak hainbat herrialdetan egin dira. Hiri handietan zein herri txikiagoetan, euskararen aldeko lasterketak bertako kaleak hartu ditu, askotan bertako jendearen jakin-mina piztuz.
Horrek guztiak “euskararen nazioarteko irudia indartzen du, hizkuntza bizia, komunitate aktiboa eta etorkizunera begirakoa dela erakutsiz”. AEKrentzat eta Korrikarentzat, Korrika Munduan funtsezko zutabea da: “euskararen aldeko mugimendua globala dela erakusten du, eta hizkuntza komunitatearen indarra azaleratzen du”. Hala, ekimenarekin bat egiteko deia egin dute: “Euskal Herritik kanpo bizi bazara, edo diasporako komunitate baten parte bazara, Korrika Munduan antolatzeko edo parte hartzeko aukera badago. Jarri Korrikarekin harremanetan: korrika-munduan@korrika.eus. Kilometro bakoitzak balio du, urrats bakoitzak mezua zabaltzen duelako: euskara bizirik dago, eta munduan barrena dabil”.
Korrikaren Ahizpak!
Korrikan inspiratuta, hainbat hizkuntza gutxituk antzeko egitasmoak sortu dituzte, Korrikaren Ahizpak, alegia.
2026an hiru hitzordu egongo dira:
- Katalanaren aldeko Correllenguarekin, apirilaren 19tik maiatzaren 5era.
- Okzitanieraren aldeko La Passemekin apirilaren 30etik maiatzaren 9ra.
- Bretoieraren aldeko Ar Redadegekin, maiatzaren 8tik 16ra.
Hemen sariak, oinarriak, eta lehiaketaren inguruko informazio guztia.