Korrikarako prest da Gares

Garesen emango ditu lehenengo pausuak Korrikak, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da eta Euskal Herri osotik 2.560 kilometro egin ostean Gasteizera iritsiko da, apirilaren 14an.

Egun osoko jaia prestatu dute Izarbeibarreko herritarrek 21. Korrikari hasiera emateko. Dianekin esnatu da Gares, eta goizean hainbat ekimenek alaituko dute eguna herri bazkariaren aurretik. Plazan izango da hasiera ekitaldia 16:30etik aurrera, Anabel Arraizak gidatuta eta Demode Quartet taldearen parte-hartzearekin.

Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Izarbeibar eta Mañeru ibarretako herri bakoitzeko lagun banak egingo du: 16 herri guztira, 16 lagun. Korrika ekimen zirraragarria dela diote antolatzaileek eta, horrez gain, “Korrikaren atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago”. Ideia horrekin, eta 16 lagun horien bidez, lehen kilometro horrek “islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena; eta bestetik Izarbeibarren euskarak tinko aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela”.

Gares izango da gaurko protagonista nagusia, beraz, eta bertakoek ohore handitzat jo dute, Euskal Herriko 16 herrik baino ez dutelako Korrika hasiera ezagutu.

Garestik Erribera aldera egingo du ibilbidea Korrikak, horrela Euskal Herri osoa zeharkatu arte, denetara 2.560 kilometro izango dira apirilaren 14an, Arabako hiribirura heldu arte.

webgunean une oro Korrika nola doan zuzenean ikusteko aukera egongo da.

 

 

Zabaldu: