(argazkia: Korrika)

Korrikaren amaiera festarako dena prest da Baionan

Baionako Askatasun plazan bukatuko da Korrikaren 23. edizioaren 2.700 kilometroko ibilbidea, hilaren 24an. Lapurdiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izango da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei.

23. Korrikaren amaiera festa aurkezteko egin dute prentsa-agerraldia gaur Korrikako arduradunek, euskaldunentzako gune biziki ikoniko batean: Baionako Patxa plazan. Bertan, Euskal Herriko txoko guztietako jendea hurbiltzeko deia egin dute, eta, era berean, adierazi dute hitzordu ederra izango dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua.

Amaiera-ekitaldia Askatasun plazan izango da, herri-etxearen (udaletxearen) parean. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, azken kilometro nazionalak egin ostean. “Une horretan jakinen dugu nor den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izanen da, Kanaldude telebista-katearen aurpegi ezaguna”, azaldu du antolakuntzak.

Bestalde, azken eguneko arduradun Ibai Capot Thornary-k azaldu du “kasik dena prest dela” Baionako jairako eta ospakizunak egun osoa iraungo duela. Festa “handia” prestatu dute auzolanean, “Korrikak merezi duen modukoa”; elkarlanean aritu da, halaber, Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa-taldea: ekitaldiak hainbat gunetan egongo dira sakabanatuta, publiko-mota guztiei begira, egitarauan Iparraldeko kultur eragileen parte-hartzea lehenetsita. Haien artean Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxaranga eta Pontx pailazoa izango dira, besteak beste.

Azkenik, AEK-k nabarmendu du protokoloa ezarri duela martxoaren 24a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin du. Hala ere, autoz joanez gero, antolatzaileek Ametzondo merkataritza-gunean aparkatzeko gomendioa bota dute; bertatik autobusa hartu ahal izanen da, 5 minutuan Baionako erdigunera heltzeko. Horrez gain, bakoitzak bere edalontzia ekar dezala, eta txartelak (tiketak) bankuko txartelarekin ere erosten ahalko direla.

Herri-bazkarian jateko txartelak (plater nagusia, zikiroa), helbide honetan eros daitezke.

Zabaldu: