Korrika Iruñeko Alde Zaharrean (argazkia: Kultur Sharea)

Korrikaren dokumentalean parte hartzeko deia egin du AEK-Korrikak

Herritarren irudiak jasotzeko bi modu egongo dira: Korrika makila eta bideo-testigantzak. Korrikak duen botere sinbolikoa baliatuta, dokumentalak kontzientziak piztu eta euskararen aldeko konpromisoa indartu nahi du.

Mirokutana ekoiztetxea eta AEK-Korrika euskararen iragana, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituen Jalgi Hadi dokumentala grabatzen ari dira, eta, oraingoan, jendarteari ikus-entzunezkoaren protagonista izateko gonbitea egin nahi diote. Proiektua aurreko ikasturtetik dago martxan eta 2027ko Zinemaldian aurkeztea dute helburu.

Korrikaren indarra eta emozioa zuzenean jasotzea da sortzaileen asmoa. Horretarako, lasterketa bera grabatuko dute eta herritarrei dokumentalaren protagonista izateko aukera eman nahi diete. Hala, Mirokutana ekoiztetxeak bi ekimen jarri ditu martxan.

Lehenengoa, Korrika makila izango da. Korrikako lekukoarekin batera, hainbat herritan kamera bat duen makila ere ibiliko da. Parte-hartzaileek eskuz esku pasatuko dute kamera, Korrikan bizi duten emozioa eta giroa grabatzeko.

Bigarren ekimenaren bidez, berriz, herritarrei beren bideo-testigantzak bidaltzeko aukera eman nahi diete. Horretarako kanal bat ireki dute, eta parte-hartzaileek bideo batean kontatu dezakete eurentzat euskara eta Korrika zer diren.

Grabaketak Korrikan bertan, aurretik edo nahi den unean egin daitezke, eta ondoren bidali.

Ekimen honen bidez, sortzaileek Euskal Herri osoko testigantzekin mapa kolektibo bat osatu nahi dute.

Euskararen egoerari begirada

Ander Iriarte zinemagilea, ETB, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Euskal hirigune elkargoaren babesarekin, oraingoan Korrikari eta euskarari buruzko dokumentalean sartuko da bete-betean.

Egilearen arabera, Korrikak duen botere sinbolikoa baliatuta, dokumentalak kontzientziak piztu eta euskararen aldeko konpromisoa indartu nahi du: “Helburua da hirugarren berpizkunde baten txinparta piztea, Euskal Herria herri bakar gisa ulertuta, hiru administrazioetako mugetatik harago”.

Crowdfunding bidez babestutako proiektua

Dokumentala aurrera ateratzeko, iaz crowdfunding kanpaina abiatu zuten Mirokutanak eta AEK-Korrikak. “Norbanako eta erakundeen diru-ekarpenei esker posible izango da euskarari eta Korrikari buruzko ikus-entzunezko proiektu hau ekoiztea”, adierazi dute. Helburua da 2027ko Zinemaldian aurkeztea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna