(argazkia: AEK-Korrika)

Korrikari amaiera emateko festa izango da igandean, Bilbon

Lekukoa 12:30ean iritsiko da Ernesto Erkoreka plazara (Udaletxea). AEKko kideek mezu-egilearekin batera egingo dituzte euskararen aldeko ekimenaren azken urratsak.

2750 kilometro eta 3436 lekuko-hartzeren ostean, Bilboko udaletxean amaituko da 24. Korrika igandea. Bizkaiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Udaletxeko zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izango da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei.

Amaierako egun handia aurkezteko, Korrikaren ordezkariek prentsa-agerraldia egin dute gaur Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Bertan, deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin. Bilboko herritarrentzat nahiz eragileentzat “hitzordu ederra” izango delakoan daude, “euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua”.

Amaiera-ekitaldia Ernesto Erkoreka plazan (Udaletxean) izango da. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, AEKko kideen eskutik eta azken lekuko-hartze nazionalak egin ostean. AEKko kideek mezu-egilearekin batera egingo dituzte euskararen aldeko ekimenaren azken urratsak, Venezuela plazatatik. “Une horretan ezagutuko dugu, beraz, eskuz esku, kilometroz kilometro, Atharratzetik Bilbora joan den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere Udaletxera iritsitakoan”.

Bestalde, azken eguneko arduradun Iraitz Zuluagak eta Irati Manzisidorrek aipatu dute hainbat gunetan egongo direla ekitaldiak, “publiko-mota guztiei begira”. Haien artean La Basu, Añube, Bele eta Mixerabliak bezalako artistek kontzertuak eskainiko dituzte.

Gainera, egunean zehar hainbat ekintza antolatu dira: azoka, herri kirolak, herri bazkaria, erakusketak, besteak beste.

Amaitzeko, AEKk bi ohar garrantzitsuren berri eman ditu: martxoaren 29a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin protokoloa ezarriko da eta ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin du.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna