Korrontzi taldea World Music Charts zerrendan

Topa lana hamar disko onenen artean hautatua izan da World Music Charts zerrendan.

Korrontzi taldearen Topa izeneko lana nazioarte mailako hamar disko onenen zerrendan hautatua izan da “World Music Charts Europe” apirileko argitalpenaren arabera, “10. postuan sartu gara kontinente guztietan kaleratutako diskoak kontutan hartuz”, azaldu du boskote bizkaitarrak.

Korrontzi folk musika taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen 2004an, Mungian. Taldea osatzerako orduan, Barandiaranen helburua euskal musika herrikoiari, zein Euskal Herriko antzinako hots tradizionalei beste ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea izan zen, betiere musika trikitixa, txalaparta edota alboka bezalako tresna tradizionaletan oinarrituta. Barandiaranek bestalde, bere lehen maisu Rufino Arrola trikitilariak (1909 – 1996) helarazi zion tradizio guztiarekiko erabateko errespetua oso presente izan zuen Korrontzi sortzerako orduan. Sonoritate berri hau lortzeko, Mungiako trikitilariak musika estilo modernoagoez inguratu zen eta, besteak beste, mandolina, baxu elektriko, kontrabaxu edo perkusioen laguntza izan zuen.

Urte hauetan guztietan, Korrontzik bere kultura, hizkuntza, dantza eta musika mundu osoan zehar eraman ditu, jaialdi handietan joz eta hainbat herrialde bisitatuz, besteak beste: Belgika, AEB, Errumania, Cabo Verde, Irlanda, Brasil, Malasia, Eskozia, Herbehereak, Grezia, Italia, Kanada, Hungaria, Portugal, Ingalaterra, Txipre, Maroko, Alemania, Kroazia, Eslovenia, Austria, Txekiar Errepublika… eta sari eta aipamen ugari ere jaso ditu, adibidez: “World Music Charts” 2014, 2015 eta 2016 urteetan, “Top100 Roots Music Report (2015)”, “Womex Official Selection (2014)”, edo “Europako banda onena, Eurofolk (2009)” eta “Penintsulako banda onena, Navelgas (2007)”.

Zabaldu: