Korrontzik eta Xabier Amurizak ‘Koplariak’ disko-liburua aurkeztu dute

Lan berri honekin talde bizkaitarrak sustraietara bueltatu nahi izan du, koplagintzari musika herrikoian duen garrantzia emanez.

Korrontzi taldeak DJ Makalarekin elkarlanean, musika herrikoia eta elektronikoa uztartu zituen 2019an argitaratu zuen Topa-K izeneko disko arrakastatsuan. Aurten, berriz, oso bestelako lanarekin datorkigu talde bizkaitarra: Koplariak.

Taldearen hamargarren disko hau Agus Barandiaran musikaria eta Xabier Amurizaren arteko hiru urteko elkarlanaren emaitza da. Idazle eta bertsolariak azaldu duenez, “taldeak koplagintzan oinarritutako disko bat argitaratu nahi zuen”, eta, hala, bertsolariarekin harremanetan jarri eta lan berrian parte hartzeko eskatu zioten.

Amurizak koplak egiteaz gain, urteak eman ditu Bizkaiko eta Euskal Herriko kopla zaharrak aztertzen eta berehala eman zion baiezkoa taldeari. Korrontzik Amurizak bidalitako materialarekin hautaketa bat egin zuen, eta hori da, hain zuzen, disko berriak jasotzen duena. “Korrontzi bezalako talde ospetsu baten diskoan neure burua ikustea harrigarria eta pozgarria izan da”, aitortu du bertsolariak.

Lan berri honekin, koplek trikitixa munduan daukaten garrantzia islatu nahi izan du taldeak, “trikitilariok beti ibili izan gara gure musika berriari kopla eta letra jartzen”, adierazi du Barandiaranek.

Diskoaren edukiari dagokionez, Amurizaren arabera, “koplagintzaren estiloa eta espiritua hautsi gabe, potentea da edukia”, eta diskoan etengabeko kontrastea dagoela dio. Honetaz gain, lan berri honen mezu nagusia “bizitzeko jaio ginen eta ez hiltzeko” dela adierazi du.

Korrontzi taldea orain dela hamasei urte sortu zenetik, mundu zabalean tradizio oso baten erakusleiho bilakatu da. Izan ere, euskara, euskal dantza eta musika mundu osoko jaialdietan ezagutzera eman ditu. Koplariak lan berriarekin sustraietara bueltatu nahi izan du, koplagintzari musika herrikoian duen garrantzia emanez.

Zabaldu: