(argazkia: Korterraza)

Korterraza film laburren jaialdi ibiltaria Arabako 37 herritan izango da

Jaialdia Gasteizen abiatuko da uztailaren 7tik 9ra Iradier Arenan, 22.00etatik aurrera.

Korterraza jaialdiak aurten ere aire zabaleko zinema handi bihurtuko ditu Arabako plaza eta kaleak, urteko film laburrik nabarmenekin gozatzeko. Uztailaren hasieratik irailera bitartean, 46 proiekzio izango dira Arabako 37 herritan. Xabi Vitoria Korterraza Arabako antolatzailearen arabera, “urte zail baten ostean, eta iazko udako beldurren ostean, oso garrantzitsua iruditzen zaigu plazek eta kaleek herritarrak biltzen jarraitzea, jarduera kulturalak eta bestelakoak partekatzeko”.

Ekitaldiak betiko funtsari eutsiko dio: “familiarekin, lagunekin eta auzokideekin film labur dibertigarriak partekatzea”. Zazpigarren edizio honetan hauexek hartuko dute parte: Armiñon, Agurain, Oroko Santutegia, Manzanos, Dulantzi, Aramaio, Okondo, Pobes, Langraiz, Bergonda, Araia, Ondategi, Lanteno, Estavillo, Gatz Arana, Artziniega, Maeztu, Zurbao, Urizaharra, Ozio, Izarra, Bastida, Langarika, Etura, Berantevilla, Zuhatzu Kuartango, Burgelu, Gebara, Narbaxa, Salcedo, Zabalate, Bernedo, Ribaguda, Espejo, Durruma, Erentxun eta Laudio.  Datak, kokapenak eta ordutegiak www.korterraza.com webgunean kontsulta daitezke.

Korterrazak lau ataletan banatuko ditu proiekzioak: Sail ofiziala, Erakustaldia, Komedia, Txiki eta Sentsibiliza. “Oso pozik gaude hautaketarekin. Publikoak barre egingo du, hunkitu egingo da eta gai oso interesgarrien inguruan hausnartzeko aukera izango du”, adierazi du Vitoriak.

Gainera, azken edizioetan bezala, jaialdiak Arabako zinemagileen lan garrantzitsuak izango ditu: La colcha y la madre (David P. Sañudo), Caníbales (Mikel Bustamante), Oculto (Imanol Ortiz Lopez), El carné (Xabi Vitoria), Dar-Dar (Paul Urkijo), El comité (Pablo Pinedo) eta Quebrantos (Maria Elorza eta Koldo Almandoz). “Arabako ikus-entzunezkoen industria oso une onean dago eta nabaritu egiten da”, azpimarratu du antolatzaileak. Lanak Arabako Film Laburren Egunean izango dira ikusgai.

Jaialdia Gasteizen abiatuko da uztailaren 7tik 9ra Iradier Arenan, 22.00etatik aurrera. Honetan, film laburrak 12×8 metroko pantaila erraldoian ikusi ahal izango dira.

Korterraza Sentsibiliza, gai sozialak jorratzen dituen atala, berriz, abuztuaren 26an izango da, 21:15ean, Gasteizko Artium Museoko Barne Plazan.

Euskara Saria

Jaialdiak dagoeneko ezagutzera eman du edizio honetako Euskara sariaren irabazlea: Kirolak, Bertako Igogailuak. Ibon Landa zuzendariaren lana herri kirolen inguruko hausnarketa da, tradizioa eta abangoardia uztartzen dituena.

Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpenari laguntzeko sortutako aitortzak sari bat du eskudirutan, eta Sail Ofizialean sartzea. Kirolak filmak Maria Elorza gasteiztarraren eta Koldo Almandoz donostiarraren Quebrantos lanarekin gogor lehiatu ondoren irabazi du lehen saria, baina bigarrena ere Sail Ofizialean ikusi ahal izango da.

Erronka Garbia Araban

Kultura Kalean! elkarte antolatzaileak, ekimen jasangarriak bultzatzeko asmoz, Korterraza Araba ziurtatu du Erronka Garbia ekitaldi jasangarri gisa. Lehiaketak Iraunkortasun Plana prestatu du, eta aurten proba gisa aplikatuko da lau herritan, 2022an proiekzio guztietara zabaltzeko. Planak hondakinak kudeatzeko, birziklatzea bultzatzeko eta paper inprimatua aurrezteko neurriak jasotzen ditu, besteak beste.

“Korterraza Gasteizen 2019an hasi ginen Erronka Garbia ziurtagiriarekin eta oso pozik gaude. Jaialdia modu jasangarriagoan antolatzen eta ingurunean inpaktua murrizten lagundu digu”, esan du Vitoriak.

Zabaldu: