(argazkia: Kroma elkartea)

Kroma elkarteak Jolasean jolas eta jostailu artisauen jardunaldiak antolatu ditu ekainaren 24tik 30era, Errenterian

Artisautza, joko eta herritarren arteko topagunea izatea dute helburu jardunaldi hauek. Egitarauak erakusketa interaktibo bat, ipuin kontalari bat, kaleko jolasak, tailerrak eta tokiko elkarteekin lan-mahai bat jasoko ditu. 

Errenteriako Kromosoma Tailerraren azken hamar urtetan izandako bilakaeratik jaio da orain Kroma elkartea. “Kalea jolasgune gisa berreskuratzeko bokazioagatik eta artisautza herritarrei hurbiltzeko eta beste elkarte batzuekin sareak ehuntzeko asmoz”.

Hala, elkarteak Jolasean jolas eta jostailu artisauen jardunaldiak antolatu ditu ekainaren 24tik 30era bitartean, Errenterian bertan. “Jardunaldiek artisautza, joko eta herritarren arteko topagunea izatea dute helburu”, antolatzaileen esanetan.

Egitarauak erakusketa interaktibo bat, ipuin kontalari bat, kaleko jolasak, tailerrak eta tokiko elkarteekin lan-mahai bat jasoko ditu, denak doakoak.

Erakusketa interaktiboa

Xenpelar Etxeak erakusketa interaktiboa hartuko du lehen solairuan. Erakusketak Kromosoma Tailerraren jarduerari eta tokiko eta eskualdeko beste elkarte soziokultural askorekin azken hamar urteetan egindako lankidetzaren erakusle diren argazkiak bilduko ditu. Hilaren 24tik 28ra zabalduko ditu ateak, 17:00etatik 20:00etara.  Zurezko jolas eta jostailu artisauak ere ikusgai egongo dira, eta horiekin jolasteko aukera izango da.

Mestiza elkarteak, bere aldetik, Liburu Joko Kluba  ipuin kontalaria eskainiko du 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat ekainaren 28an, 17:00etan, Xenpelar Etxean. Emanaldi honetan literaturaren mundu magikoa aztertu ahal izango dute umeek liburu eta jolasen bitartez. “Bertaratzen direnek modu ludiko eta parte-hartzailean sormena eta irudimena landu ahal izango dute”. Jarduera honek kultur aniztasuna sustatu nahi du eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez garatuko da. Doakoa izango da eta aldez aurretik izena eman beharko da. Erreserba 636 898 543 telefonora deituta edo Whatsapp bidez mezu bat bidalita.

Asteburuari begira, ekainaren 29an eta 30ean, kaleko jolas artisauak eta tailerrak izango dira. Jarduerak 11:00etatik 13:00etara izango dira, larunbatean, Xenpelar plazan, eta igandean, Agirre Lehendakariaren plazan. Tailerrak (adin guztiei irekiak eta doakoak) bertaratzen direnei euren jolasa sortzeko aukera emango die. Euria egingo balu, larunbateko jarduerak Koldo Mitxelena ikastetxearen patiora eramango lituzkete.

Lan-mahaia tokiko elkarteekin

Jendeari irekitako jarduerez gain, Kroma elkarteak lan-mahai bat antolatu du herriko hainbat elkarte eta egitasmorekin batera: Gurutze Gorria, Proclade Yanapay, Juneren Hegoak, Gizaide, Familia Laguna, Emaus, Mindara eta Txispun.

Hitzordu horretan, elkarteek hausnartuko dute jolasak elkarte hauen helburuak betetzeko duen funtzioaz eta horiek betetzeko dituen beharren inguruan. Kroma elkarteak eta Kromosoma Tailerrak jolas-funts bat sortu nahi dute tokiko eragileek erabiltzeko eta elkarteek dituzten helburuak jolasaren bitartez betetzen laguntzeko, bakoitzaren beharren arabera diseinatua; jolas kooperatiboak, jolas sentsorialak eta sentsibilitatea, kolorea edota sormena lantzen dituztenak, esaterako. Elkarteak nabarmendu duenez, “jolasa zerbait ezinbestekoa da pertsonen garapenean, intrintsekoa den zerbait da eta jostailua horretarako tresna bat da”.

Espazio honek datorren urteko jardunaldietarako prestaketei hasiera ematea ere bilatzen du, elkarteen arteko sarea ehuntzea bilatuz.

Zabaldu: