Kukai Sarrionandiaren unibertso poetikoan murgilduko da berriro ere ‘Hnuy illa’ ikuskizunarekin

Mireia Gabilondok zuzendutako ikuskizuna Arriaga Antzokian izango da bihar, abenduak 3, arratsaldeko 19:00etan.

Kukai Dantza Bilboko Arriaga Antzokiko agertokira itzuliko da bihar, abenduak 3, Hnuy illa ikuskizun berrituarekin. 2008an taularatu zuten aurrenekoz ikuskizuna eta, besteak beste, MAX Saria irabazi zuen 2009an, konpainiari bultzada handia emanez.

Joseba Sarrionandiaren poesia da ikuskizun honen oinarria. 1995ean, Iurretako idazleak Hnuy illa nyha majah yahoo poesia liburua argitaratu zuen, euskal literaturan mugarri izan zena, eta bertan, 1985. eta 1995. urteen artean idatzitako olerkiak bildu zituen; poema inspiratzaileak, iradokitzaileak, ameslariak, bidaiariak, isilpekoak…

Lan hura inspirazio iturri izan zen Kukai Dantzarentzat eta Tanttakarekin elkarlanean Hnuy illa ikuskizuna sortu zuten, hain zuzen ere, Hnuy illa nyha majah yahoo liburu hartako olerkien aukeraketa batetik abiatuta.

Orain, liburuaren argitalpenaren 25. urteurrenarekin bat eginez, lana berrargitaratu dute, eta Kukaik ikuskizuna berriro oholtzara eramatea erabaki du, bertsio eguneratu bat eginez.

Oraingoan ere, funtsezkoa izan da Mireia Gabilondok egindako ekarpena, ikuskizuneko elementu guztiak sentsibilitate handiz ehuntzerako orduan. Musikari dagokionez, Iñaki Salvadorren lana aipatu nahi izan du lantaldeak, halaber, Mikel Laboak Sarrionandiaren poesia musika bihurtzeko egindako lana ere aldarrikatu nahi izan dute. Ikuskizunaren soinu banda Laboa eta Salvadorren musikan oinarritzen da eta, besteak beste, Ruper Ordorika eta Maria Berasarteren elkarlana izan du. Espazio eszenikoa ere ikuskizunaren elementu bereizgarria da. Obra bi oihalez eta ikus-entzunezko lan berezi batez osatutako eszena batean kokatzen da, unibertso oniriko eta magiko bat lau dimentsiotan sortutako errealitate bihurtuz.

Ikuskizuna bihar izango da arratsaldeko 19:00etan eta sarrerak salgai daude jada www.teatroarriaga.eus helbidean eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Zabaldu: